XXIX RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2017urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara  egokitua. Helburu horren alde,  Andoaingo Udalak XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:



1) Sariaren Xedea

Euskarazko Kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta  berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua.  Horrela, bada,  ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna  jendeaurrean aitortzea  eta saritzea da sari honen xedea. epaimahiak eredugarrien irizitako lanak sarituz.

2) Sari atalak.

Ondoko bi atalotan banatzen da saria:


  • XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza saria.

  • Kazetari Berria saria.

Aipaturiko bi sari horiez gain, egoki edo beharrezko iritziz gero, Epaimahaiaren Sari Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak.


3) Sari-atalen ezaugarriak.

3.1.- XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria izeneko atala.  


2016ko maiatzaren 7tik 2017ko maiatzaren 7ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek daukate saria eskuratzeko aukera. Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako genero-mugarik gabe erabakiko du saria. Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako. Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat... horietarik edozer saritu ahal izango du epaimahaiak. Proiektu komunikatibo osoak ez dira atal honetan sarituko, baina epaimahaiak aukera izango du Sari Berezirako kontuan hartzeko.


3.2.- Kazetari Berria saria izeneko atala.


Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2017an, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan. Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea. Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2016ko maiatzaren 7tik 2017ko maiatzaren 7ra bitartean prentsa idatzian, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.


4) Lanak Aurkeztea

4.1.- Sariaren bi ataletan nahitaez aurkeztu beharko dira lanak, nahiz eta epaimahaiak lan horien artean behar adinako kalitatezkorik topatzen ez badu, beti izango du aukera proposamenak egiteko. Aurkezteko, autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikusirik duen edozeinek aurkez ditzake lanak, betiere 2017ko maiatzaren 14 baino lehen aurrerago adierazten den helbidera lana bidaliz, hauetako era batean: kopia bat euskarri fisikoan (papera, cd, dvd...) Interneten eskuragarri baldin badago, horren lotura.  Pdf formatuko artxiboa. Denboran luzez irauten duten lanen kasuan, gehienez 6ko lagin bat egin beharko dute, eta horien kopiak bidali.


4.2.- Aurkeztutako lan guztiak argitaratu edota emititu izan direla egiaztatzeko, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argitalpenaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke, aipatutako argitalpenaren kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez, lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz, edota interneten eskuragarri dagoen lotura jakinaraztea. Beste horrenbeste esan liteke agerkari digitalez ere.


4.3.- Hona sarira aurkeztutako lanak bidaltzeko helbideak: Andoaingo Udala-Euskara Zerbitzua, XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, Goikoplaza, z/g, 20140 ANDOAIN. raks@andoain.eus


4.4.- Aurkeztutako lanak, edozein euskarritan aurkeztuta ere, ezingo dira berreskuratu.


5) Sariak

XXIX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria eskuratzen duenari 9.000 euro garbi emango zaizkio.


Kazetari Berria saria eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio.


Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura emango zaie, Epaimahaiaren Sari Berezia balego, Xabier Lakaren serigrafia eskuratuko dute. Era berean, agiri-diplomak jasoko dituzte saridun guztiek.


Sariak zatiezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkar-lanean egindako lanei ere eman dakieke saria. Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.


6) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:


Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Euskararen Normalizaziorako zinegotzia, Ainara Rodriguez Zalakain, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.


Mahaikideak: Goio Arana, Marijo Deogracias, Maria Gonzalez Gorosarri eta Xabier Landabidea.


Idazkaria: Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.


7) Sariei buruzko Azken Erabakia

2017ko uztailaren 8an emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena, Andoaingo Bastero Kulturgunean ospatuko den ekitaldi berezian.


8) Baldintzak Onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriok ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.


Sariak

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Goiena Telebistako Kulturrizketak saioa SARI NAGUSIA

+

Epaimahaiaren Sari Berezia

Iñigo Astiz (Iruñea, 1985)

+

Epaimahaiaren Sari Berezia

Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985)

+

Kazetari Berria Saria

Hutsik geratu da

+

Aipamen Berezia

EGUNA

+

Aipamen Berezia

ORTZADAR

+

Goiena Telebistako Kulturrizketak saioa SARI NAGUSIA

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Sariduna: GOIENA TELEBISTAKO Kulturrizketak saioa egiten duen lantaldea.
Saritutako lana: Goiena telebistako Kulturrizketak saioa.
Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroit-ikurra.

Goian, ezker-eskuin Mikel Ezkerro, Andoni Bodes, Jagoba Domingo.

Behean, ezker eskuin: Txomin Madina, Monika Montero, Ohiane Agirre.


Europako edozein telebistak izan lezakeen saio modernoa da. Bizi garen garai bizkorretan pausaldia egiteko aukera ematen du modu atsegin eta entretenigarrian, eta aldi berean arinkeriatik urrun. Ikusentzulea berehala harrapatzen du elkarrizketak, solasean berehala harrapatzen du elkarrizketak, solasean ari direnak zeinahi izan. Besterik, saioak ez du adin edota sexu bereizketarik egiten, ondo orekatuta dago edozeinek abaro egin dezan bertan. Saioa borobila da, hasieratik amaieraraino. XXI. mendeko telebista profesional eta moderno batek izan beharko lituzkeen elementuak ditu KULTURRIZKETAK saioak.

Formari dagokienez balio handiko saioa da. Izan ere, oso erraz jarraitzen da, oso xamur “korritzen” du elkarrrizketak, baina emaitza hori izan dadin, atzetik, edo aldez aurretik, gidoigintza eta edizio lan handia dago eginda. Eskenategiaren erabilera modernoa ere aipagarria da. Azken emaitza, bistan denez, magikoa da.

Kostrastera jartzen diren ikuspegiak kontrajarriak eta osagarriak izan ohi dira aldi berean. Eta, hau ere aldi berean, freskoa eta serioa da Saioa, gai sakonak modu errazean entzun eta jarraitzeko eran eskaintzen dituen saioa baita. Apaltasunetik eta harrokeriarik gabe egindako saio profesionala da oso KULTURRIZKETAK. Gaurkotasun betea duten gaiak aztertzen dira, nahiz eta agenda komertzialetik kanpo dauden gaiak izan. Izan ere dena ez baita agenda komertziala, agenda komertzialetik kanpo ere mundu oso bat baitago gaur egungoa dena. Hori guztia ikustarazten eta aztertzen asmatu du KULTURRIZKETAK saioak.

Laburbilduz, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak euskarazko kazetaritza sustatu nahi dituen balioak erabat betetzen ditu KULTURRIZKETAK izeneko elkarrizketa saioak: kalitate, garaiak garaiko beharrizanetara egokitua izatea, modernotasuna, bikaintasuna, berrikuntza eta eredugarritasuna.



Iñigo Astiz (Iruñea, 1985)

Epaimahaiaren Sari Berezia

Saridunak: IÑIGO ASTIZ eta MAITE MUTUBERRIA
Saritutako lana: Kixotenean izenburua duen erreportaje liburua.
Saria: diploma eta Xabier Lakaren serigrafia.

Iñigo Astiz kontalari bikaina da. Ausarta, originala eta zorrotza. Kixoteren inguruan egindako sortak bere idazkuntzaren abilezia erakusten du. Kazetaritzan bestelako kontatzeko erak posible direla erakutsi du sorta honetan. Kixoteren izpirituak zipriztindua, kontaera batzuetan zoro eta surrealista, beti zorrotz eta dokumentatua agertu du. Efemeride batetik, gainera, istorio oso bat sortu du kazetaritzara ekarriz. Iaiotasun izugarria erakutsi du Astizek, eta begirada propioz Kixoteren kontakizunean murgil arazten zaitu.

Astizen kontakizunak berak bakarrik ez du, ordea, erreportajea osatzen eta borobiltzen. Bi ikuspegiren sorkuntza da KIXOTENEAN erreportaje liburua: kazetariaren eta ilustratzailearen ikuspegia, biak bat egin izanaren emaitza da KIXOTENEAN. Hiru genero –literatura, kazetaritza, eta ilustrazioa- uztarri berean lotuta ageri dira. Maite Mutuberriaren ilustrazioek ere mundu erreala eta imajinarioa interpretatzen dituzte aldi berean. Oso marrazki modernoak dira, ez dira inondik ere marrazki zaharkituak, duela lau mende hil zen Miguel Cervantesek literatura modernoaren iturburu izango zen obra idatzi zuen antzera, Mutuberriak ere modernotasunez blaitu du Kixoteren bila egindako bidaiaren kontakizuna.

Berria egunkarirako idatzitako artikulu sorta bata da saritutako liburuaren bizkarrezurra. Ilustrazio gehienek ere artikulu haiekin argitaratuak dira. Baina saritutako liburuak baditu, egileek esan bezala, “elementu berriak ere. Espresuki libururako zuzendu, moldatu eta aberastuta daude kronikak, eta propio sortutako irudi berri batzuk ere” badira liburuan. Gainera, liburuan badira “On Kixote liburuaren euskarazko hainbat itzulpenen txatalak, testu labur berri batzuk eta aurrez argitaratu gabeko zaldunaren heriotzari buruzko kronika oso bat ere”.

Sorkuntza paregabea da, zalantzarik gabe, KIXOTENEAN. Irakurterraza eta oso goi mailakoa, aldi berean. Eredugarria.


Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985)

Epaimahaiaren Sari Berezia

Saridunak: IÑIGO ASTIZ eta MAITE MUTUBERRIA
Saritutako lana: Kixotenean izenburua duen erreportaje liburua.
Saria: diploma eta Xabier Lakaren serigrafia.

Iñigo Astiz kontalari bikaina da. Ausarta, originala eta zorrotza. Kixoteren inguruan egindako sortak bere idazkuntzaren abilezia erakusten du. Kazetaritzan bestelako kontatzeko erak posible direla erakutsi du sorta honetan. Kixoteren izpirituak zipriztindua, kontaera batzuetan zoro eta surrealista, beti zorrotz eta dokumentatua agertu du. Efemeride batetik, gainera, istorio oso bat sortu du kazetaritzara ekarriz. Iaiotasun izugarria erakutsi du Astizek, eta begirada propioz Kixoteren kontakizunean murgil arazten zaitu.

Astizen kontakizunak berak bakarrik ez du, ordea, erreportajea osatzen eta borobiltzen. Bi ikuspegiren sorkuntza da KIXOTENEAN erreportaje liburua: kazetariaren eta ilustratzailearen ikuspegia, biak bat egin izanaren emaitza da KIXOTENEAN. Hiru genero –literatura, kazetaritza, eta ilustrazioa- uztarri berean lotuta ageri dira. Maite Mutuberriaren ilustrazioek ere mundu erreala eta imajinarioa interpretatzen dituzte aldi berean. Oso marrazki modernoak dira, ez dira inondik ere marrazki zaharkituak, duela lau mende hil zen Miguel Cervantesek literatura modernoaren iturburu izango zen obra idatzi zuen antzera, Mutuberriak ere modernotasunez blaitu du Kixoteren bila egindako bidaiaren kontakizuna.

Berria egunkarirako idatzitako artikulu sorta bata da saritutako liburuaren bizkarrezurra. Ilustrazio gehienek ere artikulu haiekin argitaratuak dira. Baina saritutako liburuak baditu, egileek esan bezala, “elementu berriak ere. Espresuki libururako zuzendu, moldatu eta aberastuta daude kronikak, eta propio sortutako irudi berri batzuk ere” badira liburuan. Gainera, liburuan badira “On Kixote liburuaren euskarazko hainbat itzulpenen txatalak, testu labur berri batzuk eta aurrez argitaratu gabeko zaldunaren heriotzari buruzko kronika oso bat ere”.

Sorkuntza paregabea da, zalantzarik gabe, KIXOTENEAN. Irakurterraza eta oso goi mailakoa, aldi berean. Eredugarria.


Hutsik geratu da

Kazetari Berria Saria

Sari hau hutsik uztea erabaki du epaimahaiak. Hasieran esan bezala, atal honetara oso lan gutxi aurkeztu dira. Ondorioz, epaimahaiak ez du eskura izan gaur egun 27 urtez behetiko gazteek egiten duten kazetaritzaren lagin behar bestekorik tamaina honetako saria emateko. Kazetari gazteek egiten duten kazetaritza eta komunikazio sorkuntzan asko dira dagoeneko oso maila altua harrapatu duten lanak. Ordea, XXIX. ediziora aurkeztu diren gutxiak maila horretaraino iritsi gabe geratzen direla kontsideratu dute epaimahaikideek, hain zuzen ere Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak sustatu nahi dituen euskarazko kazetaritzaren bikaintasun, berrikuntza eta eredugarritasunari dagokienez. Kalitatezko lanak gero eta gehiago dira 27 urtez azpiko gazteen sorkuntzan, eta Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren erronka da datozen urteetan lan ugari horien neurriko lanak jasotzea, kazetari eta komunikatzaile berriak egiten ari diren lanaren lagin zabal eta adierazgarria lortzeko.


EGUNA

Aipamen Berezia

EGUNA

Aipamen berezia egiterakoan, aitormen berezia eta gu guztion esker ona ongi mereziak ditu EGUNA egunkariak. EGUNAren sorreraren 80 urte betetzen dira aurten. Hortaz, nola ez, EGUNAri euskarazko kazetaritzaren aitormen berezia egitea dagokio Rikardo Arregi Kazetaritza Sariari.

Euskarazko kazetaritza eta prentsaren jarduera, eta jarduera horren premiaren kontzientzia, ez dira, noski, ez gaurkoak, ez eta ere atzo goizekoak. Beste batzuk lehenago erein eta gorpuztutakoaren gainean ari gara ekimen berrituak eta berriak hezurmamitzen. Hamarkadaz hamarkada, gorabeheratsua eta askotarikoa izan da euskarazko kazetaritzaren joan-etorria. Ibilbide luze horretan, nolanahi ere, badira mugarri batzuk. Mugarri horietan nabarmentzekoa eta goraipatzekoa da EGUNA. EGUNA da euskaraz egindako lehen egunkaria. 1937ko urtarrilaren 1ean kaleratu zen, Bilbon. Ikerlarien esanetan, sustatzaileen urtean nabarmentzekoak dira Juan Ajuriaguerra eta Lauaxeta. Euzkadi egunkariaren enpresa betekoa zen EGUNA, baina bere egitura propioa izan zuen, hots, zuzendaritza eta erredakzio talde propioa izan zituen. Manuel Ziarsolo zuzendari eta Agustin Zubikarai zuzendariorde zituela egin zuen bere ibilaldia Bilboko Posta kalea egiten zuten egunkariak. Ibilaldi laburra izan zuen, sei hilabete eskas besterik ez baitzuen iraun, garaiko jazarraldi faxistak jarraipena eragotzi zion arte: guztira 139 zenbaki, baina kaleratuak 138, ezagutzen direnak behinik behin. Bizkaiko Foru Aldundiak, zorionez, Euskal Herrian gure egunetara iritsia den Egunaren bilduma oso eta ezagun bakarra gorde du Bizkaiko Foru Liburutegian, Aita Manuel Larramendi XVII. mendeko euskalari andoaindarraren “ezina egina” sententziaren lekukoa zen EGUNA. Bere lehen editorialean “Hemen gara” eta, Etxepare gogoan, “Euskara, habil mundu guztira, Egunaren hegoetan!” aldarrikatuz kaleratu zen EGUNAri, “hemen jarraitzen dugu” esanez egiten diogu euskarazko kazetaritzaren aitormena 80 urte bete dituen honetan.


ORTZADAR

Aipamen Berezia

ORTZADAR

Bi aipamen berezi egin ditugu aurtengoan. Bata da ORTZADAR gehigarriaren gaineko aipamena. Epaimahaikideek Noticias taldeak larunbateko kaleratzen duen ORTZADAR gehigarria goraipatu nahi dute. DEIAK sortua, 20 urte bete ditu dagoeneko. Asterik aste, kale egin gabe, euskarazko literatur eta kultur sorkuntzaren berri eman du euskaraz. Uharte txikia izan da, eta da, erdal hedabide batean, baina leku propioa irabazi du eta erabateko gaurkotasunez jakinarazi ditu euskarazko sortzaileen lanak. Hori dela eta RAKSeko epaimahaikideek aintzat hartu nahi dute 20 urteko ORTZADAR gehigarriaren lan sendoa. Aipamen hau izan bedi beste hogei urtetan jarraitzeko bultzadatxoa.

Epaimahaia

Epaimahaiburua

Ainara Rodriguez Zalakain

(Andoain, 1985)

Kazetaritzan lizentziaduna. Herri mugimenduko erakunde ezberdinetan komunikazio lanetan jardun ostean, 2008. urtean Berria egunkarian bekadun aritua. 2010. urtean Gara egunkarian kazetari lanetan jardun ondoren, udalgintzarako jauzia eginda, 2011. urtetik hona, Andoaingo Udaleko Euskara eta Langileriako zinegotzi arduraduna.

Mahaikidea

Goio Arana Arrieta

(Arrasate 1962)

Kazetaritzan lizentziaduna. Urteetan lan egin eta gero euskarazko tokiko hedabideetan, prentsa-diseinuan eta diseinu grafikoan, egun, eskolan ematen ditu Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduan. Gainera, Komunikazio arduraduna da unibertsitate horretako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean.

Mahaikidea

Goizalde Landabaso Etcheverry

(Bilbo, 1970)

Informazio zientzietan lizentziatua, Bizkaia Irratian hasi zen lanean, eta 1994an Euskadi Irratian, 2007ean Radio Euskadira pasatu zen, hortxe dabil egun. Asteroko zutabea du aspaldi Berria egunkarian, eta osterantzeko hedabideetan ere kolaboratu izan du: Deia, Aizu, Prest, El País, Euskalerria Irratia… Idazlea ere bada eta kaleratuta du zenbait lan. Azkena “Babeserako kopia ( 2.015, Elkar)”.

Mahaikidea

Xabier Landabidea Urresti

(Bilbo, 1981)

Ikus-entzuneko Komunikazioan eta Administrazio eta Politika Zientzietan lizentziatua eta Aisia eta Giza Potentzialean doktorea. Doktorego tesian Bizkaiko belaunaldi ezberdinen telebistarekiko aisiazko harremanak aztertu zituen (Euskal Gizartearen Egoera Saria, 2014). Ikerlari eta irakaslea da Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuan eta Bilbo aldeko irrati libreen inguruan aritua.

Mahaikidea

Maria Gonzalez Gorosarri

(Durango, 1978)

Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Zuzenbidean lizentziatua, Kazetaritzan lizentziatua eta Komunikazioan doktore europarra, albisteen kalitatea neurtzeko metodoa landu zuen tesiarekin. Europako erreferentziazko prentsaren kalitatea neurtu du (Frankfurter Allgemeine Zeitung, besteak beste) eta bigarren posdok proiektua Berlingo Freie Universität-en garatu du, Alemaniako hedabideak eta, batez ere, telebista publikoak, barrutik ikertzeko.

Epaimahaiaren idazkaria

Patxi Baztarrika Galparsoro

(Ataun, 1958)

Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Andoaingo euskara teknikari da 1980. urteaz gero. Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide izan zen 1989-1995ean, gero Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburu 1999-2003an, Donostiako Udalean zinegotzi 2003-2007an eta Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikako sailburuorde 2005-2009 eta 2012-2016ko agintaldietan. Hainbat obra kolektibotan argitaratzeaz gain, besteak beste, Babeli gorazarre saiakera argitaratu zuen 2010ean. Bidegileak bildumarako Rikardo Arregiren biografia idatzi zuen.

Multimedia

Bideoa

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: