XXX RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2018urtea

Oinarriak

                                                                            

30 urte, 10 mugarri

Aurten, 2018an, 30 urte beteko ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak. Horrexegatik, ospakizun urtea da, eta aitormenak eginez ospatu nahi dugu hain urtebetetze seinalatua. Atzera begira jarriko gara aitormenak egiteko, baina aurrera begira gaude eta hala jarraituko dugu, XXX. edizioa edizio berritua eta berritzailea izan dadin. Hainbeste zor diogu Rikardo Arregik duela bost hamarkada euskarazko kazetaritzan ere maisutasun eta ugaritasun handiz jorratu zuen modernizazio eta berrikuntza ildoari.

Horra, bada, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXX. edizioa laburbiltzen duen leloaren izateko arrazoia: 30 urte, 10 mugarri.

Rikardo Arregiz gero euskarazko kazetaritzak gure egunotara arte egin duen jauzi itzelezkoan mugarri izan direnentzat aitormen-sariak izango dira XXX. edizioko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian erabaki eta emango direnak. 30 urte, 10 mugarri, 10 sari.

1988an hasita burutu diren hogeita bederatzi edizioetako oinarrien sarreran irakurri daitekeenez, "euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua". Helburu horren alde, apaltasun osoz bada ere, akuilu eta sustatzaile aritzeko jarri zuen Udalak abian Rikardo Arregi Kazetaritza Saria, eta horretan dirau. Hona, ondoren, 2018rako oinarriak:


Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

1.- Sariaren xedea

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren helburua euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea denez, eta Rikardo Arregiz gero, azken lauzpabost hamarraldietan alegia, euskarazko kazetaritzak jauzi kuantitatibo zein kualitatibo sendoa egin duenez, 2018ko Sariaren xedea da denboraldi horretan zehar, une batean edo bestean, aitzindari, erreferentzia nagusi, bidegile, biderakusle izan diren hamar mugarri aitortu eta saritzea, hartarako izendatutako epaimahaiak irizten dioenaren arabera.

2.- Sariaren ezaugarriak

Aipatutako lauzpabost hamarraldietan euskarazko kazetaritzan eta komunikazioan gertatu diren hazkunde, garapen eta eraldaketa sakona, momentu, testuinguru eta zirkunstantzia aski ezberdinetan hainbatek era askotako pausoak eman dituztelako gertatu da. Jende askoren lana, era askotako ekimena eta era askotako ekarpena dago jauzi honen oinarrian: pertsonak daude, kazetariak, traiektoriak, hedabideak, kazetaritza-moldeak, sustatzaileak, kazetaritza-lanak, kazetari lana euskaraz egiteko tresnak, euskararen beraren garapena, askotariko erakundeak, kontsumitzaileak, azpiegiturak, babesleak... Jauzia, kazetaritza eta komunikazioaren arlo eta euskarri guztietan gertatu da: prentsa idatzian, telebistan, irratian, interneten. Askotarikotasun hori tarteko, epaimahaiak erabakiko dituen 10 mugarriak ere, beren ezaugarriei dagokienez, askotarikoak izan daitezke: izan daitezke pertsonak, izan daitezke hedabideak, izan daitezke traiektoriak, sustapengintza, erremintak, kazetaritza-lan erreferentzialak... edozer izan daiteke, baldin eta aitzindari eta mugarri izan bada une jakin batean.

3.- Proposamenak aurkezteaz

Hamar mugarri horiek finkatuko dituzten sariak erabakitzeko proposamenak aurkezteko aukera zabalduko da. Horrela, bada, sariak ebatziko dituen epaimahaiari edonork proposamenak egin ahal izango dizkio, hala norbanakoek edo norbanako taldeek nola izaera juridikoa duten erakundeek, argi eta garbi adieraziz honakoak: • Nor edo zer saritu nahi den (hedabidea, erakundea, kazetaria, komunikatzailea, kazetaritza-lana, kazetaritza-ibilbidea, ekoizpena, aitzindaritza...). • Proposaturikoa saritzeko arrazoiak (merezimenduak ahalik eta modurik argi, labur eta eskematikoenean adieraziak). • Proposatzailearen izena eta harreman-bidea (datu hauek ez dira ezinbestekoak proposamena egiteko, proposamen egilearen esku baitago bere izenaren berri proposamenarekin eman edo ez erabakitzea). Proposamenak 2018ko ekainaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira, posta arruntez edo posta elektronikoz bidalita helbide hauetakoren batera: XXX. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria Andoaingo Udala. Euskara Zerbitzua Goikoplaza, z/g 20140 Andoain euskarazerbitzua@andoain.eus

4.- Sariak

Aitormenezko sariak dira XXX. ediziokoak. Guztira 10 sari ebatziko ditu epaimahaiak, Rikardo Arregiz geroko euskarazko kazetaritzako 10 mugarritzat jotzen dituenak izango dira 10 sariak. Epaimahaiak, hirugarren oinarrian aurreikusitakoaren ondorioz jasotako proposamenak eta bere kideek egin ditzaketenak izango ditu mahai gainean, eta oinarri hauetan jasotakoari jarraiki hartuko du Azken Erabakia. XXX. ediziorako berariaz prestatutako arte-lan bana emango zaie 10 saridunei, bakoitzari dagokion sariaren agiri-diplomarekin batera.

5.- Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia: * Mahaiburua: Ainara Rodríguez Zalakain, Andoaingo Udaleko Euskara Saileko zinegotzi arduraduna, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea. * Mahaikideak: Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia, Aitor Zuberogoitia. * Idazkaria: Patxi Baztarrika, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

6.- Azken erabakia:

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. urtebetzeko ospakizuna 2018ko urrian egingo den ekitaldian emango dira ezagutzera -eta banatuko dira- Epaimahaiak erabaki dituen 10 sariak. Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 30. urtebetetzea ospatzeko jaia izango da, eta bertan Rikardo Arregiz geroko euskarazko kazetaritza eta komunikazioan gertatu den aurrerakadaren protagonistak eta beren lana goraipatuko dira.

ANAITASUNA

MUGARRIA

“Lan egin dagigun, gure erriarentzako beste bizitza barri bat ekarten. Lan egin, eta danok alkartuta”,  idatzi zuen lehen zuzendariak Anaitasunaren lehen zenbakiko azalean. 1953ko ekaina zen: lau orrialde eskas zituen aldizkariak, zuri-beltzean, paper merkean.

Aurrera begira jarrita errun ohi da historia, eta Anaitasunak halaxe egin zuen: etorkizuna amets, egunean egunekoan jardun. Hogeita hamar urteko ibilbidean, mila eta berrehun lagunek idatzi zuten bertan. Sei milatik gora artikulu eta laurehundik gora zenbaki dira aldizkariaren uzta.
 
 Euskal prentsa berriaren erreferentea izan da Anaitasuna. Sari hau merezi du bi arrazoi nagusirengatik:

    - Batetik, newsmagazine eredua euskarazko prentsara ekartzeagatik: formatu modernoa, eduki modernoak, kazetaritza modernoa. Elizaren babespetik atera, eztabaida politikoa piztu, eta kale-kazetaritza sustatu zituen 70-80ko urteetan.

    - Bestetik, euskara batuari egindako ekarpenagatik. Eztabaida sutsuen artean, hiru urratsetan planteatu zuen euskara batuaren aldeko apustu irmoa: bat, abiapuntu gisa, bizkaiera batua sortzea eta sustatzea; bi, ereduzko euskara batua apur-apurka sartzea orrialdeetan; eta hiru, euskara batu betea erabiltzea oso-osoan bere produkzioan.

Imanol Berriatua izan zen lehen zuzendaria. Hainbat zuzendari eta erredakzio-buru edo koordinatzaile izan zituen ondoren, ofizialak batzuk eta ez-ofizialak beste batzuk. Denborak eta eztabaidak hala eskatuta, aldizkariaren arduretatik paseak dira: Alfontso Irigoien, Juan Azurmendi, Gotzon Garitaonandia, Joseba Intxausti, Angel Zelaieta, Josu Torre, Xabier Kintana, Joan Mari Torrealdai, Antton Iñurritegi, Xabier Artzelus, Jose Ramon Etxebarria, Tomas Trifol...

1982. urtean, umezurtz hil zen Anaitasuna, goseak: zuzendaritza-lerro argirik gabe, finantza-zulo gorri handiarekin... urliak bedeinkatua, sandiak kritikatua, eta berendiak isildua.

Zozpala elkartea sortzen ahalegindu zen aldizkariko langile eta kolaboratzaile zenbait, zulo  beltzetik ateratzeko Anaitasuna. Hura gatzatu ezinean, Argiaren proiektua indartzera igaro ziren.

Zeruko Argiatik ARGIAra

MUGARRIA

“Euskal kazetaritza irmo bat sortu behar dugu. Euskaldunon iritzi, lan, arazo, jokabide eta ametsen berri emango duen kazetaritza behar dugu. Euskal leihatilatik munduari so egingo dion kazetaritza. Munduko berriez gure herria hezetuko duen kazetaritza. Hau gogoan izanik heldu dio Zeruko Argiak aldaketari. Baina ez gara berriro berrirotik hasten. Lehen ere bazen zerbait Zeruko Argia. Oinarri sendoaren gainean abiatu da aldaketaruntz.”..1976ko urtarrilekoak dira lerro hauek, Euskal Kazetaritzaren Urtea errebindikatu zenekoak. Euskal kazetaritza irmoa sortzeko, magazine formatura aldatu ziren. Gaietan ere nabarmendu zen aldaketa. Bazuten aurreko urteetako oinarri sendoa: arteaz, filosofiaz, nazioarteko gaiez, kulturaz, ekonomiaz eta abarrez idazten trebatuta zegoen talde oparoa; albiste bila kalera atera ziren lehen kazetariak. Baina 1976tik aurrera, leku handiagoa hartuko dute euskal gizarte hartako kezkek: zentral nuklearrek, sindikalgintzak, kooperatibek, politika giroak, euskararen egoerak, hezkuntzak, eta abar. Nola ez izan gogoan Anparo Arangoaren torturaren lehen lekukotza grafiko hura?

1980an, kaputxinoek aldizkariaren jabetza izateari utzi, Argia izena hartu eta ordutik hona etengabeko berrikuntzan jardun du: astekari osoa koloretan inprimatu eta Internetera salto egin, eduki guztiak doan emanaz gainera; propio Interneten jartzeko egindako euskarazko lehen bideoak sortu, bai eta multimedia kanal berezia ere; eta azken urteetan, blogetako eta multimedia kanaleko edukiak eta aldizkariko edukiak Creative Commons lizentziapean askatu.

RikardoArregiren itzalpean, iraultza eta modernotasuna ekarri du (Zeruko) Argiak; ideia-laborategi izan da (Zeruko) Argia, beste hedabideetarako harrobi –Deia, Egin, EITB–. Harrobi baino gehiago ere bai Euskaldunon Egunkaria hango taldearen fruitu izan zelako. Inon aurkitzekotan, (Zeruko) Argian aurkituko dugu euskal kazetaritzaren ADNa.

Horregatik guztiagatik dira mugarri. Baina mugarri hori ezinezkoa izango zen harpide eta irakurleen babesik gabe, publizitatea jarrita zuten denda, enpresa, jatetxe, edo finantza-erakunderik gabe. Horiena ere bada mugarri hau.


TTIPI-TTAPA

MUGARRIA

Inon bada-eta, tokiko hedabideetan garatu da, 1969tik hona, euskarazko komunikazioa. Irakurle kopuruaren aldetik, hiri, herri, ibar eta eskualde mailako aldizkariak gailentzen dira gaur egun euskal prentsan, konstelazio anitza eta ugaria osaturik maiztasunaz, zabalkundeaz eta sendotasunaz den bezainbatean. Horien gehienen bateragunea den Tokikomen mapari begiratu baizik ez zaio egin behar fenomenoaren norainokoaz ohartzeko.

Jadanik sendoturik ematen duen errealitate horrek bere aitzindaria izan zuen, bistan dena. Ttipi-Ttapa aldizkaria Beran sortu zen 1982an, gaur egun indartsuago ageri diren bertze aldizkari batzuk baino hainbat urte lehenago. Sarri zabaldu zen Bortzirietako gainerako lau herrietara. Handik, ezari-ezarian, zainak hedatu zituen Nafarroako mendialdeko bertze ibarretan barna: Malerreka, Bertizarana, Baztan, Leitzaldea... are eta, mugak hautsirik, Sara eta Senpere herri lapurtarretaraino.

Bere bizi luzean goiti-beheitiak izan baditu ere, hamaboskari gisa finkaturik dago gaur egun. Bere gogo berritzailea hasieratik jarri du agerian. 1994an kolorea sartu zuen bere aleetan eta 1996an bere edukiak Interneten bidez hedatzen ere euskarazko lehen tokiko aldizkaria izan zen. Herria iparraldeko astekariaren eredutik abiatuta, bere nortasuna garatu du Ttipi-ttapak, eta Euskal Herriko zoko guztietan sortu diren bertze aldizkarien bide-erakusle espanturik gabea izan da urte hauetan guztietan.

UPV/EHUko GIZARTE ETA KOMUNIKAZIO ZIENTZIEN FAKULTATEA

MUGARRIA

Euskal kazetari profesionalik gabe ez legoke euskarazko kazetaritza modernorik. Baieztapen horri helduta bigarrena egin daiteke: azken hiru hamarkadatan euskarazko kazetaritzaren esparruari giza baliabideetan ekarpen esanguratsua egin dion erakunderik bada, hori UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea dugu. Leioan ikasitako profesional gaitu eta trebatuak ari dira egun gurean euskarazko paperezkoetan, ikus-entzunezkoetan zein Internet bidezko hedabideetan. Denetan.

Laurogeiko hamarkadaren hasieratik, Fakultatea ikasketa plan propioekin hasi zen une beretik ekin zitzaion kalitatezko prestakuntza teorikoa eta praktikoa euskaraz ere eskaintzeko ahaleginari.

Txikitasunetik emandako lehen urratsak laster izan zuen emaitza; 1991ko ekainean lizentziatu zen ikasgai guztiak euskaraz burutu zituen lehen belaunaldia. Haiei, ogibidez euskal kazetari izan eta kazetaritzatik bizi nahi duten milaka lagun gehitu zaizkie, ehun bat ikasle batez beste ikasturte bakoitzeko. Urteekin, Deustu eta Mondragon Unibertsitateak ere euskarazko kazetaritza esparruaren harrobia handitzeko zereginera batu ziren.

XXI. mendea adin nagusitasunera iritsi den honetan UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak tinko eusten dio helburuari; globalizazioaren garaiko erronkei eta euskal gizartearen komunikazio beharrei erantzuteko gai diren profesionalak prestatzeko eginkizunari, hain zuzen. Horregatik merezi ditu bai aitortza, baita saria ere.

EITB

MUGARRIA

Euskarazko kazetaritzaren lehen aztarnen bila mende luze bat atzera egin behar dugu. Lehen hazi horiek gerraurrean hasi ziren loratzen eta gerrak txirtxilatu zituen. XX mendeko bigarren erdialdean ernatu ziren berriro, irakurle gutxi bezain zintzo batzuen onerako, irrati entzule leial ugariren onerako, euskaraz mintzo ziren kazetari gutxi batzuen eskutik, diktadurak uzten zituen zirrikituetatik.

Aitzindariak aitzindari, lehen uzta oso eta betea 1982an hasi ginen jasotzen, Euskal Irrati Telebistaren sorkuntzaren ondorioz. Mugarri horrek banatzen du bitan euskarazko kazetaritzaren historia.

Euskarazko irrati eta telebistan landu zen kazetaritzaren inguruko hiztegi bete bat, osatu ziren, kiroletan, politikan eta beste hamaika esparrutan, gaur berezkotzat ditugun hitz eta esapideak, askotan eguneroko hizketara ere ekarri ditugunak. Bultzagile izan dira eta dira EITBko kazetariak hizkuntzari dagokionez.

Baina Euskal Telebista kazetaritza baino gehiago ere bada. Berari esker sartu ziren gure etxe guztietan, adibidez, bertako eta atzerriko telesailak, marrazki bizidunak, filmak, euskara eremu ezezagunetarako ere baliagarri zela frogatuz. Inolako nekerik gabe, harpidedun izan gabe, euskarazko hedabideek aro berri batera eraman gintuzten. Hori guztia enpresa konplexu eta teknologiko baten bidez eta, gainera, diru publikoan oinarritua, erakunde publikoa baita EITB.

Zalantzarik gabe, EITBrik gabe pobreago litzateke gure gizartea.

ELHUYAR aldizkaria

MUGARRIA

Zientzia “hutsek”, punta-puntako teknologiek gaur egun gure gizartean duten eragina eta ikusgarritasuna, guregan sortzen duten zirrara, garai batekoen aldean handiak dira oso, eta zalantza izpirik gabe hori, unibertsitateetan eta hezkuntza erabidean izan duten garapenari zor izateaz gain, azken hamarkadetan hedabide orokorretan eta berariazkoetan izan duten zabalkundeari esker ere izan da.

Euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren esparruan inori zor baldin badiogu zientziak eta teknologia ezagutzera eman eta hutsetik zabaltzen hasi izana, Elhuyar aldizkariari da, zeinak, 1974. urtean jaio arren, 1985eko abenduan eman zuen argitara bere zabalkunde garaiko lehenengo zenbakia, zuri-beltzean, euskaldun asko ustekabe gozoan harrapatuz: kotxe hegalariak, Halley kometa, osasun eta medikuntza gaiak, teknologia mekanikoa eta digitala, biologia, jolas matematikoen ezinbesteko atala eta orduantxe apurka-apurka indarra hartzen ari ziren ordenagailuei eskainitako atal didaktikoa izan ziren hasierako proposamen batzuk.

Egitasmoaren atzean Elhuyar elkartea, Donostiako Goi-mailako Ingeniaritza Eskolako irakasleek 1972.ean sortua, eta baita beste unibertsitate batzuetako irakasle zerrenda luze bezain bikaina, argitalpenaren iraupena geroan bermatzeko ezinbesteko gertatuko zena.

Urteetan aurrera egin ahala Elhuyar aldizkaria komunikazio egitasmo zabala bihurtu da eta paperezko euskarrikoen etorkizun ia ezinezkoan bere lekuari irmo eustearekin batera, bere hazia komunikazio egitasmo berrietara zabaldu du, arrakasta handiz. Horren lekuko, esate baterako, egun ETB-n eskaintzen duten Teknopolis saioa.

Zientzia eta teknologia euskaraz landu, ezagutu eta zabaltzearen alor idor hura ongi asko umotu du Elhuyarrek urte hauetan guztietan, euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren ikuspegian mugarri gisa azaltzeraino.

EUSKALDUNON EGUNKARIA

MUGARRIA

“Lana eginaz goaz aurrera, kate horretan denok batera gogorki loturik gaude” zioen poetak, eta hala etorri zen,1990ean, Euskaldunon Egunkaria, gerra garaiko Egunaz geroko euskarazko egunkari bakarra. 2003an bidegabeki itxi zutena, baina gaur egungo Berrian bizirik dirauena.

Funtsezkoa da euskararen biziberritzeari eta informazioa euskaraz jasotzeko eskubideari Egunkariak, eta gero Berriak, egindako ekarpena, eta erabakigarria, orobat, euskarari prentsa idatzian eta Interneten egindako lekua. Ordurako hainbat ekimenen eskutik euskara noranahikotzeko hasitako bidean mugarri izan zen Egunkaria, askotariko gaiei egunerokoan leku eginez: gizarte, politika, kirola, jolasak, elkarrizketak, erreportajeak, iritziak...

Corpusaren arloan egindako ekarpena nabarmendu nahi dugu. Euskarazko kazetaritzak ezinbestez landu beharrekoa du kazetari hizkera. Euskaldunon Egunkariak sorreratik ekin zion hizkuntza eredu egokia lantzeari. Egunkariaren estilo liburua, eta gero Berriarena, mugarri eta erreferente egokiak izan dira guztientzat geroztik, bai hizkera-estiloari dagokionez, eta bai estiloaren beste arlo batzuei dagokienez ere. Kazetaritza idazkera aberastu du.

Egunkariak izan zituen aurrekariak eguneroko prentsa idatzian. 80ko hamarkadari begira jarrita, hiru aipatu beharko, hirurak astean behingo maiztasuna zutenak: Zabalik (Felix Ibargutxiren ardurapean egin eta El Diario Vasco egunerokoaren barruan banatzen zena), Eguna eta Hemen, Deia eta Egin egunkariekin batera banatzen zirenak, hurrenez hurren, Luis Alberto Aranbarri - Mikel Atxaga bikotearen ardurapekoa lehena, eta Joxan Agirreren zuzendaritzakoa bigarrena.

Egunkariaren sustatzaile eta arduradunen zerrenda luzea da. Horietatik dagoeneko gure artean ez direnak aipatzera mugatuko gara, guztien ekarpenaren aitortza moduan: Martin Ugalde, Joxemi Zumalabe, Joseba Jaka eta, geroago, Joxan Lizarribar.

EUSKAL IRRATIAK

MUGARRIA

1980ko hamarkada aitzin, “Xiberoak botzik” ez zuen.“Irulegik” irratirik ez. Erdaldungoak aldiz “bere irratia” zeukan (eta bat baino gehiago!). Txingudi aldean, uhinetan, Antxetak ez zuen oraino hegaz egiten.

Halere euskarazko irratsaio zenbait esperientzi izan zen Iparraldean. Maite Barnetxerena 1966tik goiti, Radio Côte basque deitu zerbitzu publikoan. 1978z geroztik, Radio Adour Navarren, Loiolako Herri Irratiaren laguntzaz, hego aldetik emititzen zuena.

1981ean, Frantzian indarrean zegoen irrati monopolioaren bukaerarekin batera, ordurarte irrati libreak eta piratak deitzen zirenak, legeztatuak izan ziren. Urte berean, Gure Irratia sortu zen. 1982an Irulegiko irratia eta geroxago Xiberoko botza. Azkena, 2001ean Antxeta irratia. Ordurarte euskarak izan ez zuen tokia eskaini zuten.

1997an, hiru irrati historikoek bat egin zuten, Antxeta sarean hartuz, jaio eta berehala.

Bakoitzak bere nortasuna atxiki zuen, bere eskualdearen ispilua izaten jarraikiz eta euskalkiak elkar ulertaraziz. Euskal Irratiak deitu taldea osatu zen, indartsuagoa, bakoitza bere xokoan baino. Ezen, pentsa zer izan zen garaian,13.000 bizilagun baizik ez dauden Xiberoan irrati baten elikatzea (albistez eta programaz) eta ekonomikoki zutik atxikitzea! Aunitz urtez diru laguntza eske etxez etxe ibili ziren alde honetako hiru probintzietako irratilariak. Entzulegoaren elkartasunari esker iraun zuten. Emeki-emeki irratien lanaren aitorpena heldu zen, udalen zein orduko elkargoen eta Estatuaren eskutik. Lauek bat eginez, lan moldeak arrazionalizatu zituzten, programa eta albistegiak aberastu, Iparraldeko estaldura segurtatu, sarea indartu. Entzuleen masa kritiko bat lorturik, saihestezina den komunikazio taldea sortu zuten. Uhinez gain, informazio eskaintza aberatsa proposatzen du Euskal Irratiak taldeak, bere webgunean. Halakorik egitea asmatu ez zuten frantsesez emititzen zuten Iparraldeko elkarte irrati gehienak desagertu dira azken urteotan. Euskal Irratiak ez, aro berriei beti egokituz joan baitira.

Auzolanari esker 80ko hamarkadako aitzindarien proiektua sendotu zuen Euskal Irratiak taldeak, erronka berriei ekiteko gai izanik.

EIBAR.ORG

MUGARRIA

Ekintzaile ospea daukate eibartarrek, eta, euskarazko komunikazioari dagokionez behinik behin, ondo merezia daukate fama: izan ere, XX. mendearen hondarretan Internetek komunikazio-eskema tradizionalak apurtu eta etengabeko interakzioari eta ahots eta mezuen ugaritasunari bide eman zienean, eibartar lagun-talde bat berehala jabetu zen aldaketa horren garrantziaz eta eibartarrak posta-zerrenda sortu zuen 1998an, euskaldunok paradigma berrira egokitze aldera.

Interneten euskarazko edukiak behar zirela eta, Eibarri buruzko atari estatikoa etorri zen ondoren: www.eibar.org atariaz ari gara, Eibarko internauta-elkartearen guneaz, baina berau munduratuta ere ez ziren bertan goxo geratu gure eibarnautak: informazio-bilatzaileek gizarte saretu eratu berrian zeukaten inportantziaz ohartuta, aurki.com ere sortu zuten, euskara hutsezko estreinako bilatzailea, Interneteko euskal produkzioaren ispilu izateko bokazioz sortu ere.

Hari horri jarraiki, elkartearen gune estatikoa dantzan jarri zuten hurrena, 2004an euskarazko lehenengo blog komunitatea sortuta. 2016rako 33.500 mezu baino gehiago elkar trukatuak zituzten posta-zerrendan, eta 11.000 testu baino gehiago argitaratuak blog komunitatean, guztiak euskaraz eta denak publiko. Batak zein besteak bizi-bizi jarraitzen dute oraindik, eta horiez gain beste hainbat ekimen ere sustatu dituzte (lau eibarnauta ezagunenak dira, berbarako, GPSrako euskaraz grabaturiko estreinako ahotsak). Ondo merezita daukate, beraz, sari hau, euskarazko komunikazioa aro birtualera egokitu eta bide berriak zabaltzeagatik.

GOIENA

MUGARRIA

Lorpenaren eta arrakastaren eredu garbia dugu Goiena, tokiko kazetaritzan eta komunikazioan aitzindari aparta. Kooperatibismoaren lurraldean, elkarlanaren eta elkar hartu beharraren filosofian aurrera tinko egiten jakin duen egitasmoa. Abiapuntua, ArrasatePress, Berrigara, Goibekokale Aretxagazeta, Kontuola eta Ze barri? aldizkariek Goienkaria izeneko komunikazio ekimenean guztiak bat egin izana eta, gerora, guztizko multimedia egitasmoa osatzea, eskualdeko paperezko euskarriez gain bere baitan bi irrati eta telebista bildu zituena, euskarri telematiko guztiekin batera.

 Emaitza ez da izan, baina, bilketa eta batura hutsa. Emaitza kalitate, irismen eta ikusgarritasun handiko multimedia egitura izan da, paperezko euskarri klasikoetan –Goiena eta Puntua astekariak–, Goiena telebistan, Arrasate Irratian edo Goiena argitalpen eta zerbitzu digitaletan berealdiko oihartzun eta eragina sortu duena eskualdean eta baita eskualdetik kanpo. Goienaren argitalpen eta ekoizkinak tokian tokikoak izateaz gain, asko eta asko kalitate eta ontasunez eskualdeaz gaindi noranahiko eredu dira ere gaur egun.

Goienak beste inork ez bezala lortu du:

 - Eskualde mailako egitasmo bateratua osatzea, guztiz sinergikoa, euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren ikuspegi eta ekimen osoa bere esku hartu duena, tradizionala zein gaurgerokoa, bikaintasunez.

- Gizarte eta kultura eragile gehienak bere baitara erakarri ditu, eskualde osoan Goiena gertakari sozial bihurtuz eta horri eutsiz gizarte oinarri oso zabaleko enpresa egitura baten bidez.

- Tokiko administrazioak ekimenaren kudeaketara bildu ditu, haiek ere partaide eginez zeharkakotasun handiko kudeaketa batean, eta egitasmo berrien sorgune bihurtu da, maiz eskualdea gaindituz.
Horregatik guztiagatik, Goiena euskarazko kazetaritza eta komunikazioaren oso mugarri sendotzat jotzeaz gain tokiko hedabideen erreferentzia nagusitzat daukagu.

Epaimahaia

Epaimahaiburua

Ainara Rodriguez Zalakain

(Andoain, 1985)

Kazetaritzan lizentziaduna. Herri mugimenduko erakunde ezberdinetan komunikazio lanetan jardun ostean, 2008. urtean Berria egunkarian bekadun aritua. 2010. urtean Gara egunkarian kazetari lanetan jardun ondoren, udalgintzarako jauzia egin zuen. 2011. urtetik hona, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansaileko arduradun politikoa, baita Langileria, Antolakuntza eta Barne Araubidetzekoa eta Jarduera Fisiko eta Kiroletako Batzordekoa ere.

Mahaikidea

Miren Azkarate Villar

(Donostia, 1955)

Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Euskal Filologian doktoratu Euskal Herriko Unibertsitatean, gaur egun bertako Euskal Filologiako katedraduna da. 1992. urteaz gero euskaltzain oso da eta lan ugari argitaraturikoa euskal filologiaren alorrean. Gainera, oso ezaguna da bere jardun politikoa, bitan Kultura sailburu izan baita Eusko Jaurlaritzan (2001-2009), baita bozeramaile (2004-2009), eta 2011z gero euskara eta kultur arloko zinegotzi da Donostiako Udalean.

Mahaikidea

Jose Inazio Basterretxea Polo

(Galdakao, 1959)

Kazetaritzan doktore (EHU), gaur egun EHUko Gizarte eta Komunikazio-zientzien Fakultateko irakasle titularra da. Ezagunak dira komunikazioa azterkizun duten bere ikerketa- eta irakaskuntza lanak: Arerioen dualitatea kartel politikoan (EHU,1996); Semiotika eta Masa-Komunikazioa (UEU,1997); Komunikazioaren eta Informazioaren Oinarriak (UEU, 1997); Kultura-aniztasuna eta Gizarte-komunikazioa (UEU, 2002); Aurkari ikusezina, identitateaz eta gizarte-komunikazioaz (Alberdania, 2003). Euskal Telebebistan jardun zuen hamaika urtez, eta sarri kolaboratu du euskal medioekin.

Mahaikidea

Allande Boutin Mandagaran

(Vernon, Normandia, 1958)

Zuzenbide publikoan lizentziaduna zientzi politiko estudioak egin ondoren. Parisen hazi eta hezia, Le Point eta Le Monde berri paperetan lehen urratsak eginda, Pariseko TVE-n ere lanean aritua, 1988-ko azaroan, Baionako ETB-ko korrespontsalia ideki aitzin. 1992-ko azaroaz geroztik Iparraldeko France 3 Euskal Herri telebista publikoan kazetaria eta Akitaniako Txirrita euskarazko emankizunaren arduradun eta aurkezlea.

Mahaikidea

Aingeru Epaltza Ruiz de Alda

(Iruñea, 1960)

Idazle, kazetari eta itzultzailea, kazetaritzan lizentziatua da. Hainbat hedabidetan kazetari jardun ondoren (Deia, Euskal Telebista, Navarra Hoy…), itzultzaile gisa hasi zen lanean Nafarroako Gobernuan eta bertan dihardu gaur egun. Literatur genero ezberdinetan idazle gisa oso ibilbide luze eta oparokoa, Tigre ehizan (1996), Rock’n roll (2000) edoErresuma eta fedea trilogia dira bere obrarik goraipatuenak. Mendi-joak narrazio bilduma (2017) da argitaratu duen azkena.

Mahaikidea

Elixabete Larrinaga Artetxe

(Bilbo, 1964)

Kazetaritzan lizentziatua (EHU) eta doktore Zientzia Politikoa eta Administrazioan (EHU). Gaur egun EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea eta ETBko Albistegi Zerbitzuetako langilea da. Kudeaketa ardurak izan ditu: dekanorde Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean (2007-2009) eta EHUko Nazioarteko Mugikortasuneko zuzendari (2009-2013). Kurutziaga ikastolako presidente izan zen (2010-2013), Euskadi irratirako kolaborazioak egin ditu eta Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide da.

Mahaikidea

Jon Unanue López

(Donostia, 1964)

Ogibidez itzultzaile-interpretea Andoaingo Udaletxean 1987. urteaz gero, bertako euskara teknikari izan zen bost urtez. Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren sortzaile 1992an, ordudanik bertako buru da. Besteak beste Aiurri aldizkarien sortzaile eta Euskal Literaturazaleen 111 Akademiarena. Rikardo Arregi Aldizkaritegiaren ardura ere izan zuen urte batzuetan eta bertan euskal kazetaritza eta komunikazioaren behatokia (edo ferratokia) sortzea proposatu zuen.

Mahaikidea

Arantxa Urretabizkaia Bejarano

(Donostia, 1947)

Donostian sortutako hondarribitarra. Historian lizenziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean eta kazetaritzako ikasketak bukatu gabe utzi zituen. Kazetari da lanbidez eta hainbat komunikabidetan egin du lan (Egin, ETB, Diario Vasco, El Mundo, Radio 1...) Ibilbide eta oihartzun handiko idazlea, poesia eta eleberria landu ditu. Azken atal honetan, besteak beste, Zergatik Panpox, Aspaldian, Saturno eta Koaderno Gorria obrak argitaratu ditu. Argitara eman duen azken lana Bidean ikasia izan da (Pamiela, 2016).

Mahaikidea

Aitor Zuberogoitia Espilla

(Etxebarria, 1972)

Informazio Zientzietan lizentziadun eta doktorea (EHU). Zenbait hedabidetan lan eginikoa:Cantera, Euskaldunon Egunkaria, Aizu!, Argia eta Zenbat Gara kazetetan eta Bilbo Hiria irratian. Euskal Idazleen Elkartean ere ibili zen beharrean. Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioko hedabide saileko sustatzaile ohia. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle izan ondoren, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean ari da 2005az geroztik, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketetan.

Epaimahaiko idazkaria

Patxi Baztarrika Galparsoro

(Ataun, 1958)

Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Andoaingo euskara teknikari da 1980. urteaz gero. Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide izan zen 1989-1995ean, gero Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburu 1999-2003an, Donostiako Udalean zinegotzi 2003-2007an eta Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikako sailburuorde 2005-2009 eta 2012-2016ko agintaldietan. Hainbat obra kolektibotan argitaratzeaz gain, besteak beste, Babeli gorazarre saiakera argitaratu zuen 2010ean. Bidegileak bildumarako Rikardo Arregiren biografia idatzi zuen.

Multimedia

Bideoa

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: