XIX RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2007urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Hontuan hartuta euskararen normalkuntzak ezinbestez behar dituela euskaraz egindako kazetaritza eta, oro har, komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa, Andoaingo Udalak XIX . Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

1) Sariaren xedea

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela, bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak sarituz.

2) Sari-atalak

Ondoko hiru atalotan banatzen da saria:

* X/X. Rikardo Arregi Kazetaritza saria.
* Kazetari Berria saria.
* Epaimahaiaren Sari Berezia.

Aipaturiko hiru sari horiez gain egoki edo beharrezko iritziz gero Aipamen Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak.

Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

3) Sari-atalen ezaugarriak

1.- "XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atala.

2006eko maiatzaren 16tik 2007ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera.

Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako jenero-mugarik gabe erabakiko du saria.

Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.

Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat, kazetari bat, kazetari talde bat... horietarik edozer eta/edo edozein saritu ahal izango du epaimahaiak.

2.- "Kazetari Berria saria" izeneko atala.

Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2007an, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan.

Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalago ko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.

Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2006eko maiatzaren 16tik 2007ko maiatzaren 15era bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.

3.- "Epaimahaiaren Sari Berezia" izeneko atala.

2006eko maiatzaren 16tik 2007ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. Beraz, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiaren iritziz bereziki saritu nahi duen irizpide jakin bati jarraituz emango da sari hau.

Edizio bakoitzean osatzen den epaimahaiak aukeratuko du zein irizpide nabarmendu nahi duen.

Epaimahaiaren Azken Erabakian argituko du Epaimahaiak zein irizpideren arabera eman duen Epaimahaiaren Sari Berezia.

4) Lanak aurkeztea

1.- "XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atalean autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, beti ere 2007ko maiatzaren 25a baino lehen hurrengo puntuan adierazten den helbidera lanaren sei kopia bidaliz. Gainera, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argi tal penaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke aipatutako argitalpenaren kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz. Beste horrenbeste esan liteke agerkari digitalez ere.

Aditzera ematen da, nolanahi ere, saria eskuratzeko ez dela ezinbestekoa izango inork aldez aurretik lanak eta/edo proposamenak aurkeztea. Izan ere, epaimahaiak egokien irizten duen moduan egingo ditu sari hori erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak. Hala eta guztiz ere, lanak eta/edo proposamenak aurkez ditzaten dei egiten zaie autore, komunikabide eta sariaren helburuekin zerikustekorik dutenei.

2.- "Kazetari Berria saria" izeneko atalean saria eskuratzeko nahitanahiezkoa da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak. Kasu honetan ere autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, 2007ko maiatzaren 25a baino lehen gero aipatzen den helbidera lanaren sei kopia bidaliz.

3.- "Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzeko ez da ezinbestekoa izango lanak aurkeztea. Aurkezteko modua, ordea, Sari Nagusirako emandako irizpideen arabera egingo da.

4.- Hona sarira aurkeztutako lanak bidaltzeko helbidea:

Andoaingo Udaletxea
XIX. Rikardo Arregi saria
Goikoplaza, z/g
20140 ANDOAIN

5) Sariak

"XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" eskuratzen duenari 9.000 euro garbi emango zaizkio.

"Kazetari Berria saria" eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio.

"Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzen duenari 4.000 euro emango zaizkio.

Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren kaxa oroigarria emango zaie eta agiri-diplomak jasoko dituzte saridun guztiek.

Sariak zati ezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkarlanean egindako lanei ere eman dakieke saria.

Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.

6) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:

*Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Alkatea, Jose Antonio Perez Gabarain, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.

* Mahaikideak: Jose Ignacio Basterretxea jauna, Ana Urkiza andrea, Arantxa Urretabizkaia andrea, Agustin Errotabehere jauna eta Aitor Zuberogoitia jauna.

*Idazkaria: Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

7) Sariei buruzko Azken Erabakia

2007ko udan emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena.

8) Baldintzak onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriok ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.

Arantxa Iturbe Maiz (Alegia, 1964)

Sari nagusia

Saridunak: Arantxa Iturbe Maiz.
Saritutako lana: 006ko ekainetik 2007ko maiatzera Euskadi Irratian egiten duen”Arratsaldekoa” irratsaioa.
Saria:  Diploma, 9.000,- euroko diru-saria eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.




Mikel García Idiakez (Iruñea, 1980)

Kazetari berria

Sariduna: Mikel García Idiakez.
Saritutako lana: 2006ko ekainetik 2007ko maiatzera bitartean Argia aldizkarian argitaratutako hiru erreportaje.
Saria: Diploma, 3.000,- euroko diru-saria eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.




Josu Martínez Martínez (Bilbo, 1986)

Epaimahaiaren Sari Berezia

Saridunak: Josu Martínez Martínez.
Saritutako lana: “Ostegunak uhinetan kantari”
Saria: Diploma eta 4.000,- euroko diru-saria.



Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, 1942)

Ohorezko aipamena

Saridunak: Joan Mari Torrealdai Nabea
Saritutako lana:

  • Sariatuari, gaur egungo euskal pentsamoldearen ikuspegitik, aitzindari, aztertzaile eta bultzatzaile izatea aitortu behar zaiolako.
  • Kazetari edo zuzendari, bakarka edo taldeka aritua, euskarazko prentsaren sortzaile adoretsua dugulako.
  • Berak bultzaturiko ekimenen artean, euskarazko prentsak emandituen ekarpen garrantzitsuenetakoak ditugulako
  • Berak jorratutako ibilbideak eta plazaratutako ikerketa eta adierazpenek kazetarien askatasunaren ikur eta euskal kazetaritzarentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu dutelako.
  • Hitz gutxitan, euskal kazetaritza berriaren bitartez euskaldunoi mundua ulertzeko lan-tresnak eskaini dizkigulako.







Epaimahaia

Epaimahaiburua

Jose Antonio Pérez Gabarain

(Tolosa, 1944)

Diktaduraren garaian sindikalgintzan eta auzolangintzan jardun ondoren, Frankismoaren osteko lehenengo udal demokratikoan alkate hautatu zuten, 1979. urtean, Euskadiko Ezkerra alderdiko hautagai izan zelarik. Geroztik tokiko politikagintzan jardun du, urte askoan, bai Udalean (lau agintaldiz jardun zuen eta hirutan izan zen alkate) bai Gipuzkoako Batzarre Nagusietan bi legegintzalditan, PSE-EEko ordezkari gisa. Bere jardun politikoaren azken urteak senatari gisa eman zituen Madrilen, Gipuzkoa ordezkatuz.

Mahaikidea

Jose Inazio Basterretxea Polo

(Galdakao, 1959)

Kazetaritzan doktore (EHU), gaur egun EHUko Gizarteeta Komunikazio-zientzien Fakultateko irakasle titularra da. Ezagunak dira komunikazioa azterkizun duten bere ikerketa- eta irakaskuntza lanak: Arerioen dualitatea kartel politikoan (EHU,1996); Semiotika eta Masa-Komunikazioa (UEU,1997); Komunikazioaren eta Informazioaren Oinarriak (UEU, 1997); Kultura-aniztasuna eta Gizarte-komunikazioa (UEU, 2002); Aurkari ikusezina, identitateaz eta gizarte-komunikazioaz (Alberdania, 2003). Euskal Telebebistan jardun zuen hamaika urtez, eta sarri kolaboratu du euskal medioekin.

Mahaikidea

Ana Urkiza Ibaibarriaga

(Ondarroa, 1969)

Kazetaritzan lizentziatua (EHU), Hizkuntzalaritzan diplomatua (UNED) eta Enpresa Komunikazioan eta Komunikazio komertzialean masterra (ESC-Toulouse). DANOBAT Taldeko komunikazio arduraduna izan zen hainbat urtez, eta baita Euskal Idazleen Elkarteko kudeatzaile ere. Deustuko Unibertsitateko irakasle gisa dihardu. Hainbat komunikabidetan kolaboratu du, besteak beste, Berria eta Deia egunkarietan. Literatur idazle gisa, obra zabala du argitaratua ipuin eta poesia generotan eta haur eta gazte literaturan ere.

Mahaikidea

Arantxa Urretabizkaia Bejarano

(Donostia, 1947)

Donostian sortutako hondarribitarra. Historian lizenziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean eta kazetaritzako ikasketak bukatu gabe utzi zituen. Kazetari da lanbidez eta hainbat komunikabidetan egin du lan (Egin, ETB, Diario Vasco, El Mundo, Radio 1...) Ibilbide eta oihartzun handiko idazlea, poesia eta eleberria landu ditu. Azken atal honetan, besteak beste, Zergatik Panpox, Aspaldian, Saturno eta Koaderno Gorria obrak argitaratu ditu. Argitara eman duen azken lana Bidean ikasia izan da (Pamiela, 2016).

Mahaikidea

Agustin Errotabehere Etxeberri

(Baigorri 1945)

Nekazataritza ingeniari ikasketak egin zituen Angerseko eskolan eta hori izan du urte askoz ogibide, lehenik irakasle gisa Hazparneko Nekazaritza Eskolan eta, ondoren, gehien bat Lur Berri Kooperatiban, iparraldeko nekazari munduan murgildurik. Iparraldeko ezagutza sakon horrek eraman zuen duela urte asko kazetaritza mundura, eta 13 urtez kazetari gisa jardun zuen Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan, baina baita aurretik eta ondoren prentsa idatzian ere, Herria, Argia, La Semaine du Pays basque eta Sud –Ouest hedabideetan.

Mahaikidea

Aitor Zuberogoitia Espilla

(Etxebarria, 1972)

Informazio Zientzietan lizentziadun eta doktorea (EHU). Zenbait hedabidetan lan eginikoa: Cantera, Euskaldunon Egunkaria, Aizu!, Argia eta Zenbat Gara kazetetan eta Bilbo Hiria Irratian. Euskal Idazleen Elkartean ere ibili zen beharrean. Topagunea.Euskara Elkarteen Federazioko Hedabide saileko sustatzaile ohia. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle izan ondoren, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean ari da 2005az geroztik, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketetan.

Epaimahaiko idazkaria

Jon Unanue López

(Donostia, 1964)

Ogibidez itzultzaile-interpretea Andoaingo Udaletxean 1987. urteaz gero, bertako euskara teknikari izan zen bost urtez. Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren sortzaile 1992an, ordudanik bertako buru da. Besteak beste Aiurri aldizkarien sortzaile eta Euskal Literaturazaleen 111 Akademiarena. Rikardo Arregi Aldizkaritegiaren ardura ere izan zuen urte batzuetan eta bertan euskal kazetaritza eta komunikazioaren behatokia (edo ferratokia) sortzea proposatu zuen.

Multimedia

Bideoa

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: