XXIV RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2012urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXIV. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XXIV Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXIV. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du, Eusko jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzaz. ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

1) Sariaren xedea

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela, bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak sarituz.

2) Sari-atalak

Ondoko hiru atal o tan banatzen da saria:

• XXIV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria.
• Kazetari Berria saria.
• Epaimahaiaren Sari Berezia.

Aipaturiko hiru sari horiez gain, egoki edo beharrezko iritziz gero, Aipamen Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak.

Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

3) Sari-atalen ezaugarriak

1.- "XXIV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atala.

2011ko maiatzaren 9tik 2012ko maiatzaren 7ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digital etan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera.

Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako genero-mugarik gabe erabakiko du saria.

Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.

Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat, kazetari bat, kazetari talde bat... horietarik edozer eta/ edo edozein saritu ahal izango du epaimahaiak.

2.-
"Kazetari Berria saria" izeneko atala.

Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2012an, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan.

Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.

Edozein mota edo generotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2011ko maiatzaren 9tik 2012ko maiatzaren 7ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.

3.-
"Epaimahaiaren Sari Berezia" izeneko atala.

2011ko maiatzaren 9tik 2012ko maiatzaren 7ra bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. Beraz, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiaren iritziz bereziki saritu nahi duen irizpide jakin bati jarraituz emango da sari hau.

Edizio bakoitzean osatzen den epaimahaiak aukeratuko du zein irizpide nabarmendu nahi duen. Epaimahaiareh Azken Erabakian argituko du Epaimahaiak zein irizpideren arabera eman duen Epaimahaiaren Sari Berezia.

4) Sariak

"XXIV. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" eskuratzen duenari 9.000 euro garbi emango zaizkio.

"Kazetari Berria saria"
eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio.

"Epaimahaiaren sari berezia"
eskuratzerr duenari 4.000 euro emango zaizkio.

Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren kaxa oroigarria emango zaie eta agiri-diplomak jasoko dituzte saridun guztiek

Sariak zatiezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkarlanean egindako lanei ere eman dakieke saria.

Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.

5) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:

• Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Euskararako zinegotzia, Ainara Rodriguez Zalakain.

• Mahaikideak: Lorea Agirre, Alazne Aiestaran, Allande Boutin, Ainara Mendiola eta jose Rojas.

• Idazkaria:
Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, Patxi Baztarrika, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

6) Sariei buruzko Azken Erabakia

2012ko udan emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena.

7) Baldintzak onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriak ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.

Sariak

Epaimahaiaren Sari Berezia

Beranduegi telebistako lantalde osoa

+

Ohorezko aipamena

Mattin Larzabalena

+

Aitormen berezia

Sautrela

+

Karlos Zurutuza (Donostia, 1971)

Sari nagusia

Sariduna: Karlos Zurutuza.
Saritutako lana: "Arabiar oldarraldiak Libia eta Iraken" gaiaren inguruan 2011ko ekainetik 2012ko apirila bitartean Berrian eta Argian argitaratutako erreportajeak.
Saria: 9.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.

Gerran bizi diren tokietako kontakizunak idazten egin zaigu espezialista aurtengo Sari nagusiaren irabazlea. Urteak daramatza.free lance gisa hara eta hona, injustiziak kontatzen, bazter urrunetako saminak azaleratzen, injustiziak eta saminak sentiarazten.
Kontuan hartzekoak dira, bestalde, free lance gisa lan egitearen arriskuak, besteak beste bikaintasunaren exijentzia areagotu egiten baitzaio horrela dabilenari: aurtengo saridunak bete-betean gainditzen du, oso nota altuarekin, bikaintasunaren marra. Karlos Zurutuza da sariduna, eta ondorengoak dira epaimahaikideek nabarmendu nahi dituzten merezimenduak:

  • Kalitatezko kontakizunak eta kazetaritza da Karlos Zurutuzaren emaitza. Zuzeneko kontakizunak dira bereak, bera baita notiziaren, gertakariaren eta protagonistaren bila doana. Arabiar herrialdeetako oldarraldiek atentzio handia bereganatu dute azken urtean, eta albistearen puntan egon den Libiak edota ia-ia ahanzturara kondenatua izan den Irak hartu ditu Zurutuzak kontagai, oso modu propioan: bestelako hedabideetan agertzen ez diren protagonisten ikuspegiak papereratu ditu, "ahotsik ez dutenen" testigantzak baliatuz.
  • Oso erreportaje landuak dira bereak. Prosa aberatsaren jabe da. Kutsu zinematografikodun deskribapenak egiten ditu. Sarreratik bertatik hasita erakargarri gertatzen diren kontakizunak egiten iaioa da, eta bere estiloari eta erritmoari esker gai da irakurlea kontakizuneko gertakariaren testuinguruan kokatu eta, hitz soilen bidez, hunkitu, sumindu edo nahigabetzeko.
  • Arriskatu egiten da, inplikatu egiten baita kontakizunean, datuen interpretazioari bizkarra erakutsi gabe, nahiz eta behar besteko distantzia gordetzen jakin, irakurleari zor zaion begiruneagatik. 
  • Iturri bilatzaile amorratua izanik, ofizialak ez diren iturriak bilatzeko ahalegin ikaragarria sumatzen da bere lanetan, ofizialak ez izan arren kontakizunaren protagonista diren "ezkutatu eta isilarazitakoen" ikuspegiak eskuratuz. 
  • Euskarazko kazetaritzari, eta, ondorioz, euskarari berari prestigioa ematen die Karloz Zurutuzaren erreportajegintzak.







Miren Garate (Azpeitia, 1985)

Kazetari berria

Sariduna: Miren Garate.
Saritutako lana: 2011ko azarotik 2012ko martxora bitartean Berria egunkariko "Egitura" gehigarrian ekonomiaren gainean argitaraturiko bost erreportaje, zehazki horietako bi nabarmendu direlarik: "Iluna tunela amaitutakoan" (2011ko azaroak 20) eta "Presaka, eta hankamotz" (2011ko abenduak 30).
Saria: 3.000 euro, diploma eta Xabier Laka eskultorearen oroi-ikurra.

Kazetari berria ataleko saria, kazetaritza munduan lehen urratsak egiten ari direnak gogoan hartuta ematen den saria da: 27 urte edo gutxiago dituztenek bakarrik dute lanak aurkeztu eta saria jasotzeko aukera.

Aurtengoan erreportajeak dira atal honetan saritutakoak. Saritutako lanen argitan irabazleak sariaren jabe izateko dituen merezimenduen artean, honako hauek nabarmendu nahi ditu Epaimahaiak:

  • Ekonomia da erreportajeen bizkarrezurra. Gehienei lehorra gertatzen zaien gai bat samur, zehatz eta modu ulerterrazean azaltzen du.
  • Estilo bizia eta idazkera erakargarria baliatzearen poderioz, gaia bera ere erakargarri bihurtzen du. 
  • Iturri eta lekukotza ugari ageri dira, eta Euskal Herri osoaren ikuspegia gailentzen da. Asmatu du alderdi ekonomikoa eta soziala uztarri berean jartzen.
  • Alde grafikoa ere bikain zaindu du.









Beranduegi telebistako lantalde osoa

Epaimahaiaren Sari Berezia

Sariduna: Beranduegi telebistako lantalde osoa.
Saritutako lana: Beranduegi telebista.
Saria: 4.000 euro eta diploma.

Berrikuntzaren irizpideari atxiki zaio Epaimahaia saria erabakitzerakoan.

Bete-betean lotzen zaio irizpide horri Beranduegi telebista, eta honako hauek dira Epaimahaiak nabarmendu nahi dituen arrazoiak:

  • Aitzindari eta bide-erakusle da Beranduegi telebista, Interneterako propio pentsatu eta egindakoa, hutsik egin gabe asteroko saioa eskaintzen duena. Euskarri berrian kazetaritza-molde berritzailea egiten du. Bide berriak irekitzen ari den neurrian aitzindari da ez bakarrik euskal kazetaritzan, baita ingurukoetan ere. Inguruko telebista ohikoetan ez da gisa honetako saiorik. 
  • Euskararen hedadura soziala edo, nahiago bada, euskal hiztunen komunitatearen neurria kontuan hartuz, Beranduegi telebista bada gero eta zabalagoa den hedabideen munduan gure txikitasunari arnasbidea aurkitzeko ahalegin sendoa. Txikitasunaz nola baliatu eta txikitasunean arrakasta nola lortu erakusteko guztiz baliagarri den ekimena da Beranduegi telebista. 
  • Argiaren multimedia garapenerako aurrerapauso garrantzitsua da ekimen hau. Izan ere, hedabideetako albiste nagusien umorezko laburpena egiteaz gain, bai Argia aldizkarian, bai Argiaren webgunean zabaltzen dituzten edukien aukeraketa bat eskaintzen du, telebistarako propio prestatutako formatuan, eta horrela, euskarri guztiak elkarlotzen ditu. 
  • Ausardiaren erakusle ere bada. Hedabide tradizionalek nozitzen duten momentu kritikoan umorea erdigunean jarriz gisa horretara bide berrien bila abiatzeko ausardia nahitaezkoa da. Ausardia eta berrikuntza, nolanahi ere, nahitaezkoak baitira aurrerabidea aurkitu eta urratzeko.






Mattin Larzabalena

Ohorezko aipamena

Saridunak: Mattin Larzabale.
Saritutako lana: Gure Irratia.

Euskal kazetaritzan aitzindari eta bide-erakusle izan direnen traiektoria eta erreferentzialtasuna aitortzea da Ohorezko aipamenaren helburua. Aurtengoan iparraldean pausatu du bere begirada epaimahaiak.

1982an, Frantzian, uhin erradiofoniakoak askatu zirenean, orduan esaten zenez, lehen aldikoz lau haizetara euskal irrati baten ahotsak zabaldu ziren Iparraldean, Gure Irratiarenak alegia. Gaur egun boz "historikoak" bilakatu direnen artean, Mattin Larzabalena daukagu.
Duela hogeita hamar urte ausarta izan behar zen ogibidea uztea, euskara hutsezko irrati baten apustua egiteko, dena sortzeko, egiteko, asmatzeko zegoelarik. Mattin, Iparraldearen gaindi ibili da, mikrofonoa eskuetan, jendearen lekukotasunak biltzen. Irratiko ahotsari, aurpegia eman zitzaion. Ezpain xokoan, aunitz esan nahi duen betiko irri:fioarekin.

Irribarretsu nola seriosa eta beroa izaten dakien Mattinen ahotsa, 30 urtez, Gure Irratiaren entzuleriaren bidelaguna izan da.

Erretiratzea tokatuko zaio Mattin Larzabali urte hondarrean, eta aitzindaria izan den kazetariaren eredugarritasuna geldituko da ondoko belaunaldientzat: jendea arretaz entzuteko gaitasuna, entzulearenganako hurbiltasuna, umorea eta ibilmolde libertario xamarra, Aiherrako lapurtar-nafarreraren dotorezia eta zehaztasuna. Hots, Mattin Larzabal egiten duen guztia. Irratilari batentzako paradoxikoa den arren, lan isila egin du Mattinek. Beti buru-belarri jardunean, baina bere gogoz bederen nabarmendu gabe, itzalean nolabait.

Mattin Larzabalentzat, beraz, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXIV. edizioko Ohorezko aipamena.




Sautrela

Aitormen berezia

Saridunak: Sautrela

Hamabi urte pantailan, Ehunka idazle, Ehunka liburu, Ehunka Irakurle eta Milaka Literatur Aipamen.

Epaimahaia

Epaimahaiburua

Ainara Rodriguez Zalakain

(Andoain, 1985)

Kazetaritzan lizentziaduna. Herri mugimenduko erakunde ezberdinetan komunikazio lanetan jardun ostean, 2008. urtean berria egunkarian bekadun aritua. 2010. urtean Gara egunkarian kazetari lanetan jardun ondoren, udalgintzarako jauzia eginda. 2011. urtetik hona, Andoaingo Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Lansaileko arduradun politikoa, baita Langileria, Antolakuntza eta Barne Eraentza eta Kirol Patronatukoa ere.

Mahaikidea

Lorea Agirre

(Beasain, 1968)

Jakin aldizkariko zuzendaria. Informazio Zientzietan lizentziatua eta Genero Berdintasuna eta Feminismoa Antropologian doktore-gai, Euskal Herriko Unibertsitatean. Hizkuntza, generoa, kultura, identitatea eta komunitatearen arteko loturak dira bere ikergai nagusiak. Argia, Euskaldunon Egunkaria eta Berria-n aritu da kazetari. Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean irakasle izan zen, eta fakultate bereko Sorguneak ikerguneko kide. Gezurra ari du. Egunkariaren itxieraren kronika (Euskal Editorea, 2004) liburuaren egilea da, eta baita Rosa Luxemburg eta Joxemi Zumalaberen biografia banarena ere.

Mahaikidea

Alazne Aiestaran

(Ermua, 1972)

Kazetaritzan lizentziatua eta doktorea (EHU), Lan Harremanetan diplomatua (EHU). Irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean; aurrez ere langintza berean aritu zen Eskoriatzako HUHEZI fakultatean. Komunikabide ezberdinetan egin izan du lan: Ermua eta Mallabiko herri aldizkarian; Ermuko telebista lokalean (ETL)... Hainbat lan eta txosten argitaratu du: Besteak beste, 2009an, “Herriko informazioa: kazetarion probaleku eta eskola” in Ramirez de la Piscina: Kazetari aditua unibertso digitalean, (UEU. Bilbo).

Mahaikidea

Allande Boutin

(Vernon, Normandia, 1958)

Zuzenbide publikoan lizentziaduna zientzi politiko estudioak egin ondoren. Parisen hazi eta hezia, Le Point eta Le Monde berri paperetan lehen urratsak eginda, Pariseko TVE-n ere lanean aritua, 1988-ko azaroan, Baionako ETB-ko korrespontsalia ideki aitzin. 1992-ko azaroaz geroztik Iparraldeko France 3 Euskal Herri telebista publikoan kazetaria eta Akitaniako Txirrita euskarazko emankizunaren arduradun eta aurkezlea.

Mahaikidea

Ainara Mendiola

(Oiartzun, 1978)

Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako Campusean, egin zituen kazetaritza ikasketak. Euskaldunon Egunkarian hasi zen prentsan lanean, eta kazeta hartako nazioartekoa saileko arduradun zen iazko otsailean Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz itxi zutenean. Berrian lan egiten du egun, berriro ere, nazioarteko saila gidatzen. Hain zuzen ere, prentsa idatziko Argia Saria jaso du Berriako sail horrek.

Mahaikidea

Joxe Rojas

(Barakaldo, 1971)

Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziaduna, TOKIKOM toki komunikabideen bateraguneko IKT eta Komunikazio Zuzendaria da 2012tik. Aurrez Euskaltzaleen Topagunearen komunikazio teknikaria eta hedabide saileko arduraduna izan zen. Kazetari, euskara irakasle eta itzultzaile lanetan ere aritutakoa da, eta kolaborazioak egiten ditu hainbat komunikabidetan (Euskadi Irratia, Aizu!, Sarean.eus), batez ere teknologia gaiekin lotuta.

Epaimahaiaren idazkaria

Patxi Baztarrika

(Ataun, 1958)

Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua, Andoaingo euskara teknikari da 1980. urteaz gero. Gipuzkoako diputatu nagusiaren kabineteburu izan zen 1999-2003an eta Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Politikako sailburuorde 2005-2009 agintaldian eta 2012-2016 bitartekoan. Besteak beste, Babeli gorazarre izenburuko saiakera argitaratu zuen 2010ean. Bidegileak bildumarako Rikardo Arregiren biografia idatzi zuen.

Multimedia

Bideoa

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: