XX RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2008urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Hontuan hartuta euskararen normalkuntzak ezinbestez behar dituela euskaraz egindako kazetaritza eta, oro har, komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa, Andoaingo Udalak XX. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko jaurlaritzako Kultura Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

1) Sariaren xedea

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela, bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak sarituz.

2) Sari-atalak

Ondoko hiru atal o tan banatzen da saria:

* XX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria.
* Kazetari Berria saria.
* Epaimahaiaren Sari Berezia.

Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

3) Sari-atalen ezaugarriak

1.- "XX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atala.

2007ko maiatzaren 16tik 2008ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera.

Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako jenero-mugarik gabe erabakiko du saria.

Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.

Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat, kazetari bat, kazetari talde bat... horietarik edozer eta/edo edozein saritu ahal izango du epaimahaiak.

2.- "Kazetari Berria saria" izeneko atala.

Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2008an, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan.

Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.

Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2007ko maiatzaren 16tik 2008ko maiatzaren 15era bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.

3.- "Epaimahaiaren Sari Berezia" izeneko atala.

2007ko maiatzaren 16tik 2008ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. Beraz, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiaren iritziz bereziki saritu nahi duen irizpide jakin bati jarraituz emango da sari hau. 

Edizio bakoitzean osatzen den epaimahaiak aukeratuko du zein irizpide nabarmendu nahi duen. Epaimahaiaren Azken Erabakian argituko du Epaimahaiak zein irizpideren arebera eman duen Epaimahaiaren Sari Berezia.

4) Lanak aurkeztea

I.- "XX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atalean autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, beti ere 2008ko maiatzaren 23a baino lehen hurrengo puntuan adierazten den helbidera lanaren sei kopia bidaliz. Gainera, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argi tal penaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke aipatutako argitalpeharen kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz. Beste horrenbeste esan liteke agerkari digitalez ere.

Aditzera ematen da, nolanahi ere, saria eskuratzeko ez dela ezinbestekoa izango inork aldez aurretik lanak eta/edo proposamenak ai.1rkeztea. Izan ere, epaimahaiak egokien irizten duen moduan egingo ditu sari hori erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak. Hala eta guztiz ere, lanak eta/edo proposamenak aurkez ditzaten dei egiten zaie autore, komunikabide eta sariaren helburuekin zerikustekorik dutenei.

2.- "Kazetari Berria saria" izeneko atalean saria eskuratzeko nahitanahiezkoa da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak.

Kasu honetan ere autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, 2008ko maiatzaren 23a baino lehen gero aipatzen den helbidera lanaren sei kopia bidaliz.

3.- "Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzeko ez da ezinbestekoa izango lanak aurkeztea. Aurkezteko modua, ordea, Sari Nagusirako. emandako irizpideen arabera egingo da.

4.- Hona sarira aurkeztutako lanak bidaltzeko helbidea:

Andoaingo Udala
XX. Rikardo Arregi kazetaritza saria
Goikoplaza, z/g
20140 ANDOAIN

5) Sariak

"XX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" eskuratzen duenari 9.000 euro garbi emango zaizkio.

"Kazetari Berria saria"
eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio.

"Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzen duenari 4.000 euro emango zaizkio.

Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren kaxa oroigarria emango zaie eta agiri-diplomak jasoko dituzte saridun guztiek.

Sariak zatiezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkarlanean egindako lanei ere eman dakieke saria.

Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.

6) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:

* Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Alkatea,]ose Antonio Perez Gabarain, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.

* Mahaikideak: Jose Ignacio Basterretxea jauna, Agustin Errotabehere jauna, Aitor Zuberogoitia jauna eta Arantxa Urretabizkaia andrea.

*Idazkaria: Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, Nekane Goikoetxea andrea, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

7) Sariei buruzko Azken Erabakia

2008ko udan emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena.

8) Baldintzak onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriak ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.

Xabier Usabiaga Oiarzabal (Asteasu, 1969)

Sari nagusia

Saridunak: Xabier Usabiaga Oiarzabal.
Saritutako lana:  2007ko ekainetik 2008ko maiatzera Berria egunkarian, Euskadi Irratian zein Euskal Telebistan egindako lanak.
Saria:  Diploma, 9.000,- euroko diru-saria eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Hauek dira epaimahaiaren ustez azpimarratzeko alderdiak:

  • Komunikazio-gaitasunaren eredu: zorrotz, zehatz eta aberats ematen ditu berriak.
  • Pasioa transmititzen du, ofiziora ekarri baititu praktikak emandako erakutsiak.
  • Iritzien aberastasuna aparta da, ideiak ongu aukeratuz eta hobeto harilkatuz.
  • Kirol arloan egiten duen kazetaritza moldea eredugarria da.







Lander Arbelaitz Mitxelena (Donostia, 1986)

Kazetari berria

Sariduna: Lander Arbelaitz Mitxelena.
Saritutako lana: 2007ko ekainetik 2008ko maiatzera bitartean Argian argitaratutako hiru erreportaje.
Saria: Diploma, 3.000,- euroko diru-saria eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Aurtengo irabazleak honako merezimenduok ditu Rikardo Arregi Kazetariza Sariko epaimahaiaren iritziz:

  • Ofizio handia erakutsi du lan honen egileak. Atzerrian eginiko erreportajeetan gazte baten ahotsa nabaritzen da, baina jasole ororentzat modu ulergarrian emana.
  • Gizarte ezberdinen panoramika oso egokiak, osatuak eskaini ditu.
  • Bere erreportajeetan, lekukotza interesgarriak lortu eta dokumentazio lan osatuarekin uztarti ditu; informazio-iturri anitzak erabiliz gainera. 
  • Berrikuntza dakar multimediaren ikuspegitik, ahalegin polita dugu iturri anitzak euskarri ezberdinen bitartez emateko. Euskarrien aberastasuna benetan kontuan hartzekoa da.
  • Ondo jositako eta ongi egituratutako lanak dira.



ex aequo Bizkaia Irratia eta Bizkaie! agerkari digitala

Epaimahaiaren Sari Berezia

Saridunak: ex aequo Bizkaia Irratia eta Bizkaie! agerkari digitala.
Saritutako lana: biek ala biek, 2007ko ekainetik 2008ko maiatzera egindako lanengatik.
Saria: Diploma eta 4.000,- euroko diru-saria.

Ondorengo lanek aitorpena merezi dutela irizten du epaimahaiak, ondorengo arrazoiengatik:

  • Hedabide handiagoek arrakasta gutxi erdiesten duten eremuan euskarazko esparru komunikatiboa bikain lantzen dute.
  • Naturaltasunez, hedabideetan euskalkiaren erabilera duindu dute.
  • Bizkaiera batuaren aldeko apustua "dakigunetik ez dakigunera" leloak grafikoki azaltzen du. Asmatu egin dute publiko heterogeneoari, saio berezituak eskaintzen.
  • Internetera begira indar berezia egin dute, bide-urratzaile dira 2.0 klbean lan egiten.
  • Mendebaldeko euskarazko komunikabide hauek modernitateari begira daude, euskaldungoaren gehiengoaren etxea den horri, eta ikuspegi estrategikoa iruditzen zaio hori epaimahaiari.


Jose Mari Iriondo Unanue (Azpeitia, 1938)

Ohorezko aipamena

Saridunak: Jose Mari Iriondo Unanue.
Saritutako lana:

  • Sarituaren ibilbidea zinez oparoa izan da, konpromiso handiarekin hartutako bidea, hain zuzen ere.
  • Euskal kulturaren inguruan erakutsi duen jarrera bultzatzailea ere sarigarria iruditzen zaio epaimahaiari. Sarituak zubi-lana gauzatu du euskal kulturaren zabalkundean; izan ere, beste eragile batzuek jorratutakoa gizarteratzea izan da bere jarduera nagusienetako bat. Horrela, azpimarratzekoak dira, ez dok amairu taldea bultzatzeko egindako izugarrizko lana eta bertsolaritzan eta trikitixaren zabalpenean egindako ibilbidea. Sarituak lan hori bere gain hartu izan du, plazaratu eta zabaldu egin du beste batzuek egindakoa. Gainera, medio handietan lan egiteko aukera ere izan duenez, oihartzun handia sortu da bere ekimenen inguruan.
  • Bere lanak 60ko eta 70eko hamarraldietan eman zuen etekin nabarmenena. Eta bultzatzaile lana aztertzailearen zereginekin osatu du azken urteetan; ezingo dugu aipatu gabe utzi, kulturaren gaineko ikerketak egiten dabilela saritua gaur egun.
  • Telebistan euskaraz entzun genituen lehen hitzak bereak izan ziren,Telenorten. Etxeko euskara etxetik kanpo egin zitekeela eta, are gehiago, telebistan bertan ere aditu zitekeela sinestarazi zion euskaldungoari. Gainera, Herri Irratian euskaraz egiten lehenengoetakoa izan zen. Beraz, euskarazko kazetaritzarekiko konpromiso irmoa azpimarratu nahi du epaimahaiak.






Epaimahaia

Epaimahaiburua

Jose Antonio Pérez Gabarain

(Tolosa, 1944)

Diktaduraren garaian sindikalgintzan eta auzolangintzan jardun ondoren, Frankismoaren osteko lehenengo udal demokratikoan alkate hautatu zuten, 1979. urtean, Euskadiko Ezkerra alderdiko hautagai izan zelarik. Geroztik tokiko politikagintzan jardun du, urte askoan, bai Udalean (lau agintaldiz jardun zuen eta hirutan izan zen alkate) bai Gipuzkoako Batzarre Nagusietan bi legegintzalditan, PSE-EEko ordezkari gisa. Bere jardun politikoaren azken urteak senatari gisa eman zituen Madrilen, Gipuzkoa ordezkatuz.

Mahaikidea

Jose Inazio Basterretxea Polo

(Galdakao, 1959)

Kazetaritzan doktore (EHU), gaur egun EHUko Gizarteeta Komunikazio-zientzien Fakultateko irakasle titularra da. Ezagunak dira komunikazioa azterkizun duten bere ikerketa- eta irakaskuntza lanak: Arerioen dualitatea kartel politikoan (EHU,1996); Semiotika eta Masa-Komunikazioa (UEU,1997); Komunikazioaren eta Informazioaren Oinarriak (UEU, 1997); Kultura-aniztasuna eta Gizarte-komunikazioa (UEU, 2002); Aurkari ikusezina, identitateaz eta gizarte-komunikazioaz (Alberdania, 2003). Euskal Telebebistan jardun zuen hamaika urtez, eta sarri kolaboratu du euskal medioekin.

Mahaikidea

Agustin Errotabehere Etxeberri

(Baigorri 1945)

Nekazataritza ingeniari ikasketak egin zituen Angerseko eskolan eta hori izan du urte askoz ogibide, lehenik irakasle gisa Hazparneko Nekazaritza Eskolan eta, ondoren, gehien bat Lur Berri Kooperatiban, iparraldeko nekazari munduan murgildurik. Iparraldeko ezagutza sakon horrek eraman zuen duela urte asko kazetaritza mundura, eta 13 urtez kazetari gisa jardun zuen Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan, baina baita aurretik eta ondoren prentsa idatzian ere, Herria, Argia, La Semaine du Pays basque eta Sud –Ouest hedabideetan.

Mahaikidea

Aitor Zuberogoitia Espilla

(Etxebarria, 1972)

Informazio Zientzietan lizentziadun eta doktorea (EHU). Zenbait hedabidetan lan eginikoa: Cantera, Euskaldunon Egunkaria, Aizu!, Argia eta Zenbat Gara kazetetan eta Bilbo Hiria Irratian. Euskal Idazleen Elkartean ere ibili zen beharrean. Topagunea.Euskara Elkarteen Federazioko Hedabide saileko sustatzaile ohia. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle izan ondoren, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean ari da 2005az geroztik, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketetan.

Mahaikidea

Arantxa Urretabizkaia Bejarano

(Donostia, 1947)

Donostian sortutako hondarribitarra. Historian lizenziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean eta kazetaritzako ikasketak bukatu gabe utzi zituen. Kazetari da lanbidez eta hainbat komunikabidetan egin du lan (Egin, ETB, Diario Vasco, El Mundo, Radio 1...) Ibilbide eta oihartzun handiko idazlea, poesia eta eleberria landu ditu. Azken atal honetan, besteak beste, Zergatik Panpox, Aspaldian, Saturno eta Koaderno Gorria obrak argitaratu ditu. Argitara eman duen azken lana Bidean ikasia izan da (Alberdania, 2016).

Mahaikidea

Alazne Aiestaran Yarza

(Ermua, 1972)

Kazetaritzan lizentziatua eta doktorea (EHU), Lan Harremanetan diplomatua (EHU). Irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean; aurrez ere langintza berean aritu zen Eskoriatzako HUHEZI fakultatean. Komunikabide ezberdinetan egin izan du lan: Ermua eta Mallabiko herri aldizkarian; Ermuko telebista lokalean (ETL)... Hainbat lan eta txosten argitaratu du: Besteak beste, 2009an, “Herriko informazioa: kazetarion probaleku eta eskola” in Ramirez de la Piscina: Kazetari aditua unibertso digitalean, (UEU. Bilbo).

Epaimahaiaren idazkaria

Nekane Goikoetxea Agirre

(Deba, 1970)

Mondragon Unibertsitatean irakasle lanetan dihardu 2009az geroztik, Humanitate eta Hezkuntza zientzien fakultatean. Soziolinguistika eta Kultur Ikasketen eremuan egiten du lan. Hainbat argitalpen ditu arlo hauetan. Pedagogian doktoratu zen (EHU, 2006) eta Kultura garaikidearen inguruko masterra egina du (UOC, 2016). Andoaingo Udaleko euskara teknikari eta arduradun gisa aritu zen beharrean (2000-2009) eta, horrenbestez, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko idazkari eta arduradun tekniko legez.

Multimedia

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: