XXI RIKARDO ARREGI KAZETARITZA SARIA

2009urtea

Oinarriak

Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak XXI. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak:

Oinarriak ikusi

Oinarriak deskargatu

XXIX Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

XXI Rikardo Arregi Kazetaritza Saria

Hontuan hartuta euskararen normalkuntzak ezinbestez behar dituela euskaraz egindako kazetaritza eta, oro har, komunikazio prestu eta modernoa, kalitatezkoa, Andoaingo Udalak XXI. Rikardo Arregi Kazetaritza sarirako deialdia egiten du Eusko jaurlaritzako Kultura Sailaren diru laguntzaz, ondoko hauek direlarik aipatu sari horren oinarriak

1) Sariaren xedea

Euskarazko kazetaritzaren kalitatea, bikaintasuna eta berrikuntza bultzatzea da Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren helburua. Horrela, bada, ondoren zehazten den urtebeteko epearen barruan egin izan diren kazetaritza-lanen kalitatea eta bikaintasuna jendaurrean aitortzea eta saritzea da sari honen xedea, epaimahaiak eredugarrien iritzitako lanak sarituz.

2) Sari-atalak

Ondoko hiru atalotan banatzen da

* XXI. Rikardo Arregi Kazetaritza
* Kazetari Berria saria.
* Epaimahaiaren Sari Berezia.

Aipaturiko hiru sari horiez gain egoki edo beharrezko iritziz gero Aipamen Berezia egiteko aukera eskura du epaimahaiak.

Halaber, euskal kazetaritzaren historian ezinbesteko erreferentzia izan diren erakunde, ekimen eta pertsonei Ohorezko Aipamena egiteko aukera ere aitortzen zaio epaimahaiari.

3) Sari-atalen ezaugarriak

1.- "XXI. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atala.

2008ko maiatzaren 16tik 2009ko maiatzaren 8ra bitartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera.

Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Epaimahaiak, hortaz, inolako jenero-mugarik gabe erabakiko du saria.

Saria erabakitzeko irizpide nagusiak honako hauek izango dira: kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna hala euskal kazetaritzarako nola inguruan egiten denerako.

Ondorioz, aipatutako irizpideen arabera nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat edo erreportaje-sorta bat edo programa bat, kazetari bat, kazetari talde bat... horietarik edozer eta/edo edozein saritu ahal izango du epaimahaiak.

2.- "Kazetari Berria saria" izeneko atala.

Kazetaritzaren hastapenetan dabiltzanei zuzendutako saria da hau, eta, ondorioz, hogeita zazpi urtez azpikoek, hau da, 2009an, hogeita zazpi urte edo gutxiago izango dituztenek parte har dezakete atal honetan. 

Herrietako aldizkari eta irrati eta telebistak, hala nola hedadura zabalagoko komunikabideak: horietatik guztietatik edozein izan daiteke 27 urtez azpikoek Kazetari Berria saria jasotzeko lana plazaratzeko erabilitako komunikabidea.

Edozein mota edo jenerotako kazetaritza-lanek dute saria eskuratzeko aukera. Horrela, bada, 2008ko maiatzaren 16tik 2009ko maiatzaren 8ra bitartean prentsa idatzian edo irrati eta telebistetan plazaratutako artikulu, erreportaje, informazio-programa, magazin eta abarren artean kalitatea eta egokitasuna kontuan hartuz epaimahaiaren iritzian bikainena denari emango zaio saria.

3.· "Epaimahaiaren Sari Berezia" izeneko atala.

2008ko maiatzaren 16tik 2009ko maiatzaren 8ra bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu izan diren lanek, hala nola aipatu epe eta komunikabide horietan kazetaritza-lanak plazaratu dituztenek daukate saria eskuratzeko aukera. Beraz, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiaren iritziz bereziki saritu nahi duen irizpide jakin bati jarraituz emango da sari hau. 

Edizio bakoitzean osatzen den epaimahaiak aukeratuko du zein irizpide nabarmendu nahi duen. Epaimahaiaren Azken Erabakian argituko du Epaimahaiak zein irizpideren arabera eman duen Epaimahaiaren Sari Berezia.

4) Lanak aurkeztea

I.- "XX. Rikardo Arregi Kazetaritza saria" izeneko atalean autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, beti ere 2009ko maiatzaren 15a baino lehen hurrengo puntuan adierazten den helbidera lanaren sei kopia bidaliz. Gainera, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argi tal penaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke aipatutako argitalpeharen kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz. Beste horrenbeste esan liteke agerkari digitalez ere.

Aditzera ematen da, nolanahi ere, saria eskuratzeko ez dela ezinbestekoa izango inork aldez aurretik lanak eta/edo proposamenak aurkeztea. Izan ere, epaimahaiak egokien irizten duen moduan egingo ditu sari hori erabakitzeko egin beharreko jarraipen eta hautaketa lanak. Hala eta guztiz ere, lanak eta/edo proposamenak aurkez ditzaten dei egiten zaie autore, komunikabide eta sariaren helburuekin zerikustekorik dutenei.

2. "Kazetari Berria saria" izeneko atalean saria eskuratzeko nahitaezkoa da lanak aurkeztea. Izan ere, atal honetako saria aurkeztutakoen artean erabakiko baitu epaimahaiak. Kasu honetan ere autoreek nahiz komunikabideek hala nola sariaren helburuekin zerikustekorik duen edozeinek aurkez ditzakete lanak, 2009ko maiatzaren 15a baino lehen gero aipatzen den helbidera lanaren sei kopia bidaliz.

3.- "Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzeko ez da ezinbestekoa izango lanak aurkeztea. Aurkezteko modua, ordea, Sari Nagusirako emandako irizpideen arabera egingo da.

4.· Gainera, prentsa idatzian argitaratutako idazlanen kasuan, argitalpenaren kopia bat bidali beharko da, eta, irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokion enpresak luzatutako emisio-ziurtagiria. Edozein modutara ere, nahikoa litzateke aipatutako argitalpenaren kopia edo emisio-ziurtagiriaren ordez lana aurkezten duenaren beraren zinpeko aitorpena igortzea, argitalpen edo emisio eguna eta komunikabidea adieraziz. Beste horrenbeste esan liteke agerkari digitalez ere.

5.- Hona sarira aurkeztutako lanak bidaltzeko helbidea:

Andoaingo Udala
XXI. Ribrdo Arregi Kazetaritza Saria
Goikoplaza, z/g
20140 ANDOAIN

5) Sariak

"XXI Rikardo Arregi Kazetaritza saria" eskuratzen duenari 9.000 euro garbi emango zaizkio.

"Kazetari Berria saria"
eskuratzen duenari 3.000 euro garbi emango zaizkio.

"Epaimahaiaren sari berezia" eskuratzen duenari 4.000 euro emango zaizkio.

Gainera, lehen bi sari-ataletako saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza sariaren kaxa oroigarria emango zaie eta agiri-diplomak jasoko dituzte saridun guztiek.

Sariak zatiezinak dira, baina, hori bai, taldean edo elkarlanean egindako lanei ere eman dakieke saria.

Sarietako edozein hutsik utzi ahal izango du Epaimahaiak.

6) Epaimahaia

Ondorengo hauek osatzen dute epaimahaia:

* Mahaiburua: Andoaingo Udaleko Alkatea, Jose Antonio Perez Gabarain, edo honek bere ordezko gisa izendatutako udalkidea.

* Mahaikideak: Alazne Aiestaran emakumea, Agustin Errotabehere jauna, Joxe Rojas jauna, Arantxa Urretabizkaia andrea eta Aitor Zuberogoitia jauna.

*Idazkaria: Andoaingo Udaleko euskara teknikaria, Nekane Goikoetxea andrea, hizpidez baina hautespiderik gabe jardungo duena.

7) Sariei buruzko Azken Erabakia

2009ko udan emango da aditzera sariei buruz epaimahaiak hartutako Azken Erabakia, apelaezina izango dena.

8) Baldintzak onartzea

Sari honetara aurkezteak oinarriak ontzat ematea dakar berarekin, eta saria jasotzeko nahitaezkoa izango da oinarriotan finkatutako betebeharrak osorik betetzea.

Olatz Simon andrea (Bilbo, 1980)

Sari nagusia

Saridunak: Olatz Simon.
Saritutako lana: 2008ko ekainetik 2009ko maiatzera Euskal Telebistarentzat egindako lanak.
Saria:  Diploma, 9.000,- euroko diru-saria eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Hauek dira epaimahaiaren ustez azpimarratzeko alderdiak:

  • Kazetariak egin duen gaien aukeraketa bitxia, originala da.
  • Informazioa emateko modua ulerterraza eta aldi berean zorrotza da.
  • Kamara aurrekoa benetan bikaina iruditzen zaio epaimahaiari.
  • Topikoetatik haratago, Txinako gizartera hurbiltzeko modu aberatsa eskaintzen die ikus-entzuleei.
  • Bereziki azpimarragarria da Olinpiar Jokoen berri ematerakoan erakutsitako originaltasun, zorroztasun eta aberastasuna.















Gorka Bereziartua Mitxelena (Hernani, 1984)

Kazetari berria

Sariduna: Gorka Bereziartua Mitxelena.
Saritutako lana: 2008ko ekainetik 2009ko maiatzera bitartean Argian argitaratutako hainbat lan.
Saria: Diploma, 3.000,- euroko diru-saria eta Xabier Laka eskultorearen oroitikurra.

Aurtengo irabazleak honako merezimenduok ditu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko epaimahaiaren iritziz:

  • Kazetaritzan erabiltzen dituen genero ezberdinak, informazioa zein iritzia, ondo menperatzen ditu.
  • Kazetariari ikuspuntu kritiko eta pertsonalitate handia sumatzen zaio.
  • Kontalariaren sena nabarmentzen zaio eta testua aberasten duten erreferentzia asko baliatzen ditu.
  • Idatziak kolore handikoak dira, ausartak; testuaren bihurgune bakoitzean arriskatu egiten baita egilea. Arriskatu kritiketan, estiloan eta gaien uztarketan.






Euskadi Irratiko Kostaldeko Trena irratsaioaren lan-taldea

Epaimahaiaren Sari Berezia

Saridunak: Euskadi Irratiko Kostaldeko Trena irratsaioaren lan-taldea.
Saritutako lana: Euskadi Irratiko Kostaldeko trena irratsaioa.
Saria: Diploma eta 4.000,- euroko diru-saria.

Ondorengo lanak aitorpena merezi duela irizten du epaimahaiak, ondorengo arrazoiengatik:

  • Klasikotzat jo liteke urteen poderioz sendotzen joan den lan hau.
  • Aipagarria da lan honen oinarrian dagoen dokumentazio lan ikaragarria.
  • Esatariaren zehaztasun eta ironiak kantuei lotutako istorio eta kontuen taxuzko joskera biribiltzen du.
  • Kazetaritza espezializatuaren adibide ona da, gutxitan goraipatzen dena, musikaren gaian sakontzen duena.




Ttipi-ttapa komunikazio-egitasmoa

Ohorezko aipamena

Saridunak: Ttipi-ttapa komunikazio-egitasmoa.
Saritutako lana:

  • Azpimarratzekoa da arlo askotan erakutsitako aitzindaritza, bai produktuetan (aldizkaria kaleratzean eta sareratzen, lehen web gunea beraiena, Goienarekin batera lehen tokiko TB); bai kudeaketan (mugaz gaindiko hedapena edota irudi korporatiboaren berrikuntza, adibidez).
  • Komunikazio-egitasmoak egoki erantzuten dio xede duen gizarte nafarrari.
  • Joera eraberritzailea, inkonformista, izatea 25 urteko ibilbide guztianzehar. Etengabeko hobekuntzan jardutea
  • Egoera zailetan (TBren etena...) aurrera begiratzeko eta beste hedabide batzuekiko sinergiak bilatzeko kemena izatea.
  • Sortu zenetik gaur egun arte izan dituen eta egun dituen zailtasunak zailtasun, euskara hutsezko kazetaritzaren aldeko apustu ausarta egin izana.







Epaimahaia

Epaimahaiburua

Estanislao Amuchastegui Arregui

(Andoain, 1952)

Oso gaztetandik, ogibide izan duen elektrizista ikasketak egitearekin batera, Frankismo garaiko giro politikoan murgildu zen, ezkerreko mugimenduetan, 1970. urtean PCE (I) alderdian afiliatu arte. Handik gutxira, beste alderdikide batzuekin batera PTE-era jo zuen (Partido de los Trabajadores de España) eta ondoren Euskadiko Ezkerrera, eta bertatik PSE-erekiko bat egitea bultzatu zuen Andoainen. 2000. urtean Andoaingo Udalera sartu zen. Alkateorde izan zen bi agintaldietan eta 2009ko maiatzetik 2011ko maiatzera arte alkate.

Mahaikidea

Agustin Errotabehere Etxeberri

(Baigorri 1945)

Nekazataritza ingeniari ikasketak egin zituen Angerseko eskolan eta hori izan du urte askoz ogibide, lehenik irakasle gisa Hazparneko Nekazaritza Eskolan eta, ondoren, gehien bat Lur Berri Kooperatiban, iparraldeko nekazari munduan murgildurik. Iparraldeko ezagutza sakon horrek eraman zuen duela urte asko kazetaritza mundura, eta 13 urtez kazetari gisa jardun zuen Euskadi Irratian eta Euskal Telebistan, baina baita aurretik eta ondoren prentsa idatzian ere, Herria, Argia, La Semaine du Pays basque eta Sud –Ouest hedabideetan.

Mahaikidea

Joxe Rojas Granja

(Barakaldo, 1971)

Gizarte eta Informazio Zientzietan lizentziaduna, TOKIKOM toki komunikabideen bateraguneko IKT eta Komunikazio Zuzendaria da 2012tik. Aurrez Euskaltzaleen Topagunearen komunikazio teknikaria eta hedabide saileko arduraduna izan zen. Kazetari, euskara irakasle eta itzultzaile lanetan ere aritutakoa da, eta kolaborazioak egiten ditu hainbat komunikabidetan (Euskadi Irratia, Aizu!, Sarean.eus), batez ere teknologia gaiekin lotuta.

Mahaikidea

Arantxa Urretabizkaia Bejarano

(Donostia, 1947)

Donostian sortutako hondarribitarra. Historian lizenziatu zen Bartzelonako Unibertsitatean eta kazetaritzako ikasketak bukatu gabe utzi zituen. Kazetari da lanbidez eta hainbat komunikabidetan egin du lan (Egin, ETB, Diario Vasco, El Mundo, Radio 1...) Ibilbide eta oihartzun handiko idazlea, poesia eta eleberria landu ditu. Azken atal honetan, besteak beste, Zergatik Panpox, Aspaldian, Saturno eta Koaderno Gorria obrak argitaratu ditu. Argitara eman duen azken lana Bidean ikasia izan da (Alberdania, 2016).

Mahaikidea

Aitor Zuberogoitia Espilla

(Etxebarria, 1972)

Informazio Zientzietan lizentziadun eta doktorea (EHU). Zenbait hedabidetan lan eginikoa: Cantera, Euskaldunon Egunkaria, Aizu!, Argia eta Zenbat Gara kazetetan eta Bilbo Hiria Irratian. Euskal Idazleen Elkartean ere ibili zen beharrean. Topagunea.Euskara Elkarteen Federazioko Hedabide saileko sustatzaile ohia. EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakasle izan ondoren, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean ari da 2005az geroztik, Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasketetan.

Mahaikidea

Jose Inazio Basterretxea Polo

(Galdakao, 1959)

Kazetaritzan doktore (EHU), gaur egun EHUko Gizarteeta Komunikazio-zientzien Fakultateko irakasle titularra da. Ezagunak dira komunikazioa azterkizun duten bere ikerketa- eta irakaskuntza lanak: Arerioen dualitatea kartel politikoan (EHU,1996); Semiotika eta Masa-Komunikazioa (UEU,1997); Komunikazioaren eta Informazioaren Oinarriak (UEU, 1997); Kultura-aniztasuna eta Gizarte-komunikazioa (UEU, 2002); Aurkari ikusezina, identitateaz eta gizarte-komunikazioaz (Alberdania, 2003). Euskal Telebebistan jardun zuen hamaika urtez, eta sarri kolaboratu du euskal medioekin.

Mahaikidea

Alazne Aiestaran Yarza

(Ermua, 1972)

Kazetaritzan lizentziatua eta doktorea (EHU), Lan Harremanetan diplomatua (EHU). Irakasle da Euskal Herriko Unibertsitatean; aurrez ere langintza berean aritu zen Eskoriatzako HUHEZI fakultatean. Komunikabide ezberdinetan egin izan du lan: Ermua eta Mallabiko herri aldizkarian; Ermuko telebista lokalean (ETL)... Hainbat lan eta txosten argitaratu du: Besteak beste, 2009an, “Herriko informazioa: kazetarion probaleku eta eskola” in Ramirez de la Piscina: Kazetari aditua unibertso digitalean, (UEU. Bilbo).

Epaimahaiaren idazkaria

Nekane Goikoetxea Agirre

(Deba, 1970)

Mondragon Unibertsitatean irakasle lanetan dihardu 2009az geroztik, Humanitate eta Hezkuntza zientzien fakultatean. Soziolinguistika eta Kultur Ikasketen eremuan egiten du lan. Hainbat argitalpen ditu arlo hauetan. Pedagogian doktoratu zen (EHU, 2006) eta Kultura garaikidearen inguruko masterra egina du (UOC, 2016). Andoaingo Udaleko euskara teknikari eta arduradun gisa aritu zen beharrean (2000-2009) eta, horrenbestez, Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko idazkari eta arduradun tekniko legez.

Multimedia

Argazkiak

Andoaingo Udala
Euskararen Normalizaziorako Saila
Goikoplaza, z/g. 20140 Andoain
943-300-831    ·    euskarazerbitzua@andoain.eus

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako Sailaren laguntzarekin

Diseinua eta ekoizpena: